Xabier Tolosa, bi urte gehiago Asperekin

Ataria 2016ko martxoaren 2a

Argazkia: Aspe

Aurtengo abenduan amaitzen zitzaion kontratua anoetarrari, eta beste bi urtez gehiago luzatu du: 2018ra arte profesional mailan jardungo du Tolosak.

Kontratu berria sinatu ostean, pozik azaldu da pilotari anoetarra: "Gustura nenbilen, eta orain gusturago nago. Eskertzekoa da enpresak eman didan konfiantza. Motibazio aldetik plus bat da".

Pasa den urtean, promozioko txapela jantzi zuen, baina garaipen gosez jarraitzen azpimarratu du Tolosak, eta momentuz ez doa bide okerretik. Darioren lesioa medio, Gorkarekin osatu du bikotea. "Oso ondo konpontzen naiz berarekin, eta aurten ere txapelaren bila goaz" argitu du.

Erronka nagusia, baina, lehen mailan "muturra sartzea" dela onartu du anoetar gazteak: "Pilotari guztion helburua da lehen mailako pilotaria izatea. Debutatu nuenetik salto bat eman dut eta orain beste bat ematea gustatuko litzaidake. Horretan saiatuko naiz, behintzat". 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!