Gutxitan ikusten den herri kirol jaialdia, larunbatean Leaburun

Asier Imaz 2015ko abe. 17a, 10:55
Argazkian, Joakin Garmendia sega saioa egin ondoren, arnasari buelta ematen

Joxe Anjel Sarasola Ataria-ko herri kirol adituak Euskal Herri osoan ez du horrelako kasurik ezagutzen; «nik behintzat ez daukat entzuna». Gutxitan gertatzen den gauza da, beraz.


Zehatzagoa izateko, urtean behin. Eta hori, gure eskualdean gertatzen da: Leaburuko Apatta industrigunean. Bertan dagoen Diva Pentsuak lantegiko arduradunek herri kirolak maite dituzte, eta poltsikotik dirua jarriz, urtero herri kirol jaialdia antolatu ohi dute.

Baina gutxitan gertatzen dena, ez da hori bakarrik. Sarrera doakoa izango da, pintxoak oparituko dituzte, txapelketako lehia bat izango da, eta hori nahikoa ez, bi desafio bitxirekin osatu dute jaialdia.

Pausoz pauso. Herri kirol jaialdia larunbat honetan izango da, 12:30ean lantegiko pabiloietan. Alde batetik, Diva Pentsuak Saria jokatuko da. Azken aldiz 1989. urtean jokatu zen horrelako txapelketa bat. Harri jasotzaileek bere pisuaren bikoitza jaso beharko dute. Lauk eman dute izena: Izeta I (88 kilo); Otaegi (78 kilo); Telleria II (79 kilo) eta Urrutia (75 kilo). Azken bi horiek dira faboritoak.

Bestalde, 2015eko Urrezko Harri-jasotzaileen Txapelketako finalerdia jokatuko da Diva lantegian. Izeta II.a, Telleria IV.a eta Urra ariko dira lehian. 100 kiloko hiru harri desberdinei jasoaldi gehien ematen dizkionak finalerako txartela lortuko du. Finala, abenduaren 31n jokatuko da Asteasun. Izeta I.a eta Eizmendi dira beste bi finalistak.

Herri kirol erakustaldia amaitzeko beste desafio bitxi bat izango da. Kasu honetan aizkoran. Enbor bat nork lehenago ebaki. Lan horretan 17 urteko Unai Zabala; 86 urteko Julian Larrea eta 70 urteko Joakin Garmendia anoetarra ariko dira. Adinera iristen ari den gazte bat eta adinean aurrera doazen bi gazte, nor baino nor.

Herri kirol jaialdi handi hau girotzeko ardura, musikaz, Jexux Mari Mujikak eta Luis Mari Bengoak izango dute. Hau ere ikustekoa. Bengoa Egursport-eko arduraduna da, aizkora eta harri-jasotzaile txapelketen antolatzailea. Larunbatean tronpetarekin ikusteko aukera izango da 12:30etik aurrera, Leaburuko Diva Pentsuak-en pabiloian.

HILAK 19, LARUNBATA

12:30. Leaburuko Apatta Industrialdean, Diva Pentsuak-en pabiloian.
• Diva Pentsuak Saria. Gorputzaren dobleko pisuarekin, hiru minututan bi txanda.
• 2015eko Urrezko Harri-jasotzaile Txapelketa. Finalerdia.
• Aizkora desafioa. Enbor bat ebakitzea. 18 urtetik beherako aizkolari bat, eta 70etik gorako bi. Tartean, Anoetako Joakin Garmendia.
• Sarrera eta pintxoak dohainik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!