Edurne Martinez: "Erabiltzaileentzat askoz erosoagoa da liburutegi berria"

Jon Miranda Labaien 2015ko aza. 19a, 22:01

Edurne Martinez, Anoetako udal liburutegiko arduraduna da. Lasarbe kaleko egoitza berrian eskainiko dituzten zerbitzuen berri eman digu

Udal liburutegi berria inauguratzeko, atzo, Haur Hezkuntzako bigarren mailatik Lehen Hezkuntzako bigarren mailako gaztetxoentzat ipuin kontaketa saioa izan zen 17:30ean. Ondoren, 19:00etan izan zen inaugurazio ekitaldia.

Pello Estanga alkateak hartu zuen hitza hasteko: "proiektu hau herritarren parte hartzeari esker gauzatu da. Udal lokal hauei zein erabilera eman behar zitzaien erabakitzeko prozesua jarri genuen abian eta zuek, herritarrok erabaki zenuten hemen udal liburutegiak behar zuela". Anoetako Udalak eman dio bultzada proiektuari Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzari esker. Lasarbe kaleko udal lokaletan, KZ Gunea eta ikasgela bat kokatu dituzte liburutegiarekin batera. Estangaren esanetan, "aurrera begira, gaztelekua eta balioanitzeko gela kokatzeko asmoa dugu hutsik geratu den espazioan".

Herriko dantzariek eta Anjel Mari Peñagarikano herriko bertsolariak ere hartu zuten parte inaugurazio ekitaldian. Horren ondotik, Edurne Martinez, udal liburutegiko arduradunak egoitza berriak dituen ezaugarriak azaldu zizkien inaugurazio ekitaldira gerturatutakoei. Mokadutxo batekin amaitu zuten festa.

Gaur, ostirala, 2 eta 12 urte bitarteko haurren gurasoentzat, hitzaldia antolatu dute. Galtzagorri elkarteko Imanol Mercero eta Iñaki Markotegik emango dute. Haurrei irakurtzen laguntzeko irizpideak emango dituzte: zer aukera dugun, irudien indarra, irakurketa familian, irizpideak liburu egokiak aukeratzeko... Udal liburutegi berrian izango da saioa, 15:15tik 15:45ra.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!