Harreraren arnasa, itzulera samurragoa suerta dadin

Ataria 2015ko aza. 18a, 10:08

Preso eta iheslari ohiak artatzeko elkartea ezagutzera emateko hitzaldia izan zen aurreko ostiralean Anoetan

2012ko udara hasieran sortu zen Harrera elkartea. Estatutuetan jasotzen den bezala, gatazka politikoaren ondorioz izan diren preso eta iheslariei laguntza eskaintzea da helburua. Gizarte honetara «era duin eta eraginkor batean berregokitu daitezen egiten dugu lan», dio Jon Ugartek, elkartearen koordinatzaileak.

Ia 400 pertsona dira 2010etik hona Harrera elkartean artatu dituzten preso eta iheslari ohiak. «Behintzat informazioa eske Euskal Herrira itzulitako herritar horien gehiengo bat jarri da gurekin harremanetan. Gero bakoitzaren egoera eta beharrak baloratu eta horren arabera banatu ditugu laguntzak».

Arlo askotan egiten du lan Harrerak. Ugartek nabarmentzen duenez, «itzultzerakoan pertsona hori nola egokitzen den ikusi beharra dago. Arazoak, gehienbat, harreman mundua lantzerakoan sortzen dira. Haiek utzitako gizartea eta bueltatzerakoan topatu dutena oso diferenteak baitira». Giza alor hori lantzen saiatzen dira hasiera batean. Gero, premia zehatzagoei erantzuten saiatzen dira elkartetik.

Arlo administratiboan aholkularitza eskaintzen dute Harreratik: nortasun agiria legeztatu, gida-baimena berritu edota laguntzak jasotzeko egin beharreko tramiteetan laguntzen diete preso eta iheslari ohiei. Juan Karlos Ioldi, Harrerako kidea da eta espetxetik ateratzerakoan preso ohiek jasotako sariaz hitz egin du: «2014ra arte, espetxetik ateratzerakoan han jasotako agiria aurkeztearekin bakarrik, 18 hilez 426 euroko saria jasotzeko eskubidea zuten preso ohiek. 2014an, ordea, laguntza hori jaso ahal izateko baldintzak jarri zituen administrazioak. Besteak beste, presoei damutzea eskatzen zaie saria jaso ahal izateko sinatu beharreko dekalogoan». Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko Justizia Auzitegi Nagusian helegitea jarri diote neurriari, konstituzioaren aurkakoa delakoan. Erantzunaren zain daude orain.

Diru laguntzarik gabe, oinarrizko premiak asetzeko baliabide gabe aurkitzen dira preso eta iheslari izandako horietako asko. «Lehenengo une horietan, arnasa eman eta diru sarrera bat bermatzen diegu». 2012tik 90 pertsonek jaso dute elkartearen laguntza. Gaur egun, 34 dira diru-sarrera egonkorrik eduki ez eta Harreraren babesa jasotzen dutenak. «Hilean 500 euro inguru dira eta behin lana topatu, erretreta jaso edo bestelako sarrera bat lortzen dutenean Harrerakoa galtzen dute». Osasungintza arloko fakturak ordaintzeko ere baliatzen da elkartetik jasotako laguntza: «Espetxetik ateratzerakoan edo erbestetik bueltan, komeni da mediku azterketak egitea». Elkartetik jasotako laguntza medio, urte hauetan, 130 lagun pasa dira, adibidez, odontologotik eta 50 lagun ibili dira psikologoetan. «Izaera asistentziala du elkarteak», Ioldik nabarmendu duenez.

Hori guztia posible egin ahal izateko ezinbestekoa da elkarteko bazkide diren 2.400 lagunen ekarpena. «60 euroko kuota ordaintzen dute hilean eta kopuru horri instituzioetatik jasotako laguntzak eta bestelako ekarpenak gehitu behar zaizkio. Herrietan eratuta dauden sareetan materialak saldu, donazioak egin eta zozketak antolatzen dituzte elkartea laguntzeko».

Beharrean dauden pertsona hauek laguntzeko kutxa indartsu bat osatzea da Harrera elkartearen asmoa. Horregatik, herriz herri antolatzen dituzte aurkezpen ekitaldiak. Aurreko, ostiralean, adibidez, Anoetako udaletxean eskaini zuten hitzaldia. «Harreman normalizatuak dauzkagu instituzioekin eta eztabaida politikoetatik kanpo gelditzen gara. Gure zuzendaritza batzordea ere, anitza da», dio Ioldik. Elkartasuna oinarri hartuta, laguntza eskaintzea du helburu Harrera elkarteak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!