Anoetako saioak emandakoa

IƱigo Terradillos / Jon Miranda Labaien 2015ko urr. 23a, 18:13

Ataria Irratiak Anoetako plazatik egin du gaurko saioa. Bertatik herritar ugari pasa dira mikrofono aurretik. Entzun itzazu:

Pello Estanga: "Irisgarritasun plana prestatzen ari gara"

Anoetako alkate, Pello Estangak harrera egin dio gaur Ataria irratiari Anoetako plazan. Datozen hilabeteetako asmoen berri eman digu.

Anoetako eta Tolosa lotuko dituen bidegorria egiteko lanak urtea amaitzerako bukatzea espero du Anoetako alkateak. Lan horiekin batera, liburutegi berria atontzekoak egiten ari dira. Azaroa erdialdera egin asmo dute inaugurazioa.

Datorren urteko asmoen artean dago irisgarritasun plana. Hurrengo urterako, auzo ezberdinetan plan horri jarraituz hainbat lan egingo direla aurreikusi du Estangak.

Anoetako ereserkia eta bertsoak ikastolako ikasleen eskutik

Lehen Hezkuntzako lehen, bigarren eta hirugarren mailako ikasleak gerturatu dira Anoetako plazara eta ikasgelan lantzen ari direna erakutsi dute mikrofono aurrean.

Maider Mendizabal: "Ondo egindako lanak bere emaitzak ematen ditu"

Emakumea Pilotari proiektuaren koordinazio lanetan aritu da Gipuzkoako Pilota Federazioan hainbat urtetan. Gaur egun, teknifikazio saioak ematen ditu Trinketean eta berak ere jolasten jarraitzen du. Iaz Munduko Txapelketan aritu zen eta zilarrezko eta brontzezko dominak eskuratu zituen, Nagore Arozena lizartzarrarekin batera.

Duela urtebete Arantxa Orbegozorekin elkartu zen eta 100 eguneko erronka proiektuaren berri jaso zuen. Gaur egun buru belarri sartuta dabil egitasmo horretan, eta martxoan jarri zuten lehenengoa abian, ekaina bitartean. Bigarrenarekin ari dira orain, eta 30 pertsonek izena eman dute Anoetan eta egunero egiten dute ariketa fisikoa beraiekin.

Anoetako Gazte Asanblada: "Saiatzen gara herriko ekimenetan laguntzen"

Anoetako Gaztetxeko bi kide, Jokin eta Lide, izan dira Anoetatik zuzenean eskaini dugun saioan.

Anoetako Gaztetxeak 16. urteurrena ospatu du aurten, maiatzean. Urte guzti hauetan bolada diferenteak izan ditu baino belaunaldiz belaunaldi ez du etenik izan.

Hamasei bat urterekin hasten dira Anoetako gazteak Gaztetxera gerturatzen eta haiei ongi etorria egiteko urtero festa bat egiten dute ikasturte hasieran. Urtean zehar beste hainbat ekimenetan ere aktiboki hartzen dute parte gazte asanbladakoek: Urrifest, Euskal Jaia, bertso saioak, herri kirol saioak..

Lide eta Jokin, biak ere, gazte asanbladako kideak dira eta Anoetako Gaztetxean daramaten dinamikaren inguruan hitz egin dute.

Miren Mujika: "Kantu jira taldea osatu nahi dugu Anoetan"

Miren Mujika musika irakaslea da eta azkeneko urteetan beste hainbat herritarrekin batera aritu da kantu taldean. Orain, maiztasun handiagoz ariko den kantu jira talde bat osatu nahi dute Anoetan.

Ikastolako guraso talde batek sustatuta, Santa Agedan, eguberritan, Euskal Jaian eta San Joanetan kantari atera izan dira urteetan hainbat anoetar. Xalbador Garmendia izan dute gidari eta sustatzaile.

Orain jarraipena eman nahi diote kantu taldeari. Euskal kantagintzaren altxorra belaunaldi berriei transmititu nahiko liekete. Asmo horrekin sortu nahi dut Anoetako Kantu Jira taldea.

Ixak Oiartzabal: "Loatzoren jarduna dagoeneko ezaguna da"

Anoetan aspalditik ari da Loatzo Musika Eskola lanean, Ixak Oiartzabal da eskolako arduraduna.

Loatzo Musika Eskolan 54 ikasle ari dira. Haurrak, gazteak eta helduak daude tartean eta instrumentuei dagokionez zeharkako flauta, bonbardinoa, klarinetea, perkusioa, pianoa... ikasi daitezke eskolan.

Ikasketei jarraipena emateko Donostiako kontserbatorioan ere ari dira Anoetako zenbait ikasle eta Loatzon musika ikasten hasitako baten bat, irakasle ere bada, gaur egun.

Ikasturtean zehar hainbat ekimen antolatzen dituzte eta azaroan esate batera, Kataluniara joango dira elkar truke bat burutzera.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!