Ahalik eta hizkuntza gehien ikasi, jatorrizkoa ahaztu gabe

Ataria 2015eko urriaren 22a

Ostegunero arabieraz ikasteko saioak eskaintzen dituzte Anoetako Hozpel kaleko udal lokalean

Adam, Charafdin, Ayoub, Elbar, Romaissa, Chab, Ziyad, Yassine... guztira 17 ikasle dira ostegunero Anoetako Hozpel kaleko udal lokaletanbiltzen direnak arabierazko klaseak jasotzeko. 10 urte ingurukoak dira bertara biltzen diren umeak eta guztiak dira jatorri arabiarrekoak. «Haien ama hizkuntza gal ez dezaten oinarrizko azalpen batzuk ematen dizkiegu».

Saminha Lhouhi da irakaslea. 27 urte ditu eta jatorriz Marokoko Wajda herrikoa da. Hamar urte daramatza Euskal Herrian bizitzen eta iaz hasi zen umeentzako arabierazko eskolak ematen: «Ohiko esapideak erakusten dizkiegu, eguneroko bizitzan moldatzeko beharrezkoak direnak. Ume hauek oporretan euren gurasoen jatorrizko herrialdera joten direnean, aitona-amonekin hitz egiteko lain jakin dezaten ematen ditugu eskolak. Edo errepidean doazela, arabieraz idatzita dauden errotuluak, gutxienez, uler ditzaten».

Ayoubek hamar urte ditu eta aitortzen du, arabierazko idazkera ez dela erraza: «Hemengoaren aldean zailagoa da, baina ikasi dugu gure izena nola idazten den eta baita zenbakiak irakurtzen». Lhouhik adierazi duenez, «ume hauek moldatzen dira hemengo txanponekin, ez baitituzte kopuru handiak ibiltzen, baina Marokon, dirhamak erabiltzen dira eta hor kopuruak aldatu egiten dira».

Jatorrizkoa mantentzearen alde

Nawal Bachir sahararra da eta bere semeak arabierazko klaseak jasotzen ditu. Hilabete gutxi daramatza Anoetan eta aurretik estatuko hainbat zonaldetan bizi izan da. «Hemen nire seme-alabak ikastolara doaz eta ondo moldatzen dira, ari dira pixkanaka ikasten. Ondo dago hizkuntza berriak ikastea, baina euren ama-hizkuntza ahaztu gabe», dio Bachirrek.

Hassina Ahmedek, berriz, urte gehiago daramatza Anoetan: zortzi. «Seme zaharrenak 17 urte, alabak sei eta ume txikiak lau urte ditu. Bi txikienak ekartzen ditut saio honetara. Ama-hizkuntza arabiar kulturan oso garrantzitsua da eta etenik gerta ez dadin saiatzen gara familian».

Ahmeden etxean arabieraz hitz egiten dute senide guztiek. Bachirrek aitortu du, ordea, umeek geroz eta gehiago darabiltela gaztelania gurasoengana zuzentzeko. «Ikasi ditzatela ahalik eta hizkuntza gehien, niri ez zait gaizki iruditzen, baina jakin dezatela guztietan garrantzitsuena, eurena, euren amaren hizkuntza dela, arabiera», dio Ahmedek.

Arabiera ikastaroan parte hartzen duten ume gehienak hemen jaiotakoak dira. Bachirrek eta Ahmedek euren seme-alabei eskerrak ikasi dituzte euskarazko hitz batzuk, «baina gure umeen aldean, ikasteko, dezente baldarragoak gara gu». Erraztasun handia dute gaztetxoek hizkuntzetarako eta horren lekuko da elkarren artean hitz egiteko, txandaka-txandaka, erabiltzen dituzte gaztelania, euskara eta arabiera. Batere zailtasunik gabe moldatzen dira.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!