Amalur Mendizabal kolpatu zuteneko auziak aurrera darrai

Jon Miranda Labaien 2015ko urr. 7a, 10:41

Donostiako 5. Instrukzio epaitegiko epaileak ertzain bat inputatu du senatariari zauriak eragiteaz akusatuta.

2013ko irailaren 30ean Herrira euskal presoen eskubideen defentsan aritzen zen elkartearen kontrako polizia operazioa egin zen. Guardia Zibilak Hernanin Herrira-ren egoitza miatu eta gero, Ertzaintzarekin oldarraldi bat izan zen. Amalur Mendizabal Amaiurrek Espainiako Senatuan duen ordezkaria zauriturik suertatu zen. Burua odoletan utzi eta zortzi puntu jarri behar izan zizkioten.

Mendizabalek berak azaldu du, ordutik aurrera gertakarien inguruko auziak zein bide egin duen epaitegietan: «hau guztia gertatu eta aste pare batera salaketa jarri nuen Donostiako epaitegian. Gertakariak nola izan ziren esplikatu eta lesioengatik salaketa jarri nuen. Gero epaileak agindu zuen ikerketa abiatzea». 2014ko apirilean, lekukoei deitu eta galdeketa bat egin zitzaien. Aurtengo irailaren 1ean ebazpena atera du Donostiako 5. Instrukzio Epaitegiko epaileak, «auziak aurrera jarraitzen duela eta epaiketa abiatuko dela esanez. Salatutako ertzainaren izen abizenak agertzen dira eta epaiketa lesioengatik izango da». Fiskaltzak epe bat izango du zein eskaera izango duen aurkezteko.

Iñigo Iruin da Mendizabalen abokatua. «Gertakarien egunean, mandoa izan zitekeenarengana jo nuen eta jo ninduen ertzaina identifikatzeko eskatu nion baina ez genuen ezer lortu». Senatariak Gasteizko legebiltzarrean agerraldia egin zuenean ere, «ez zen jo ninduen ertzainaren izenik agertu. Ez dakit barne ikerketa batengatik edo bide judizialetik atera ote den izena». Barne saileko inor berekin harremanetan jarri ez izana salatu du Mendizabalek.

Arrazoia ematea espero du senatari anoetarrak. «Nik suertea izan dut gertakariak kamara baten aurrean jazo zirelako eta irudi horien babesa daukadalako. Arazoa da hemendik aurrera horrelakoak gertatzen badira, mozal legearekin, irudiak ezingo direla epaitegietan erabili. Indefentsio egoera horrek beldurra ematen du».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!