Anoetaren iragana, adineko emakumeen ahotan

Jon Miranda Labaien 2015ko uzt. 17a, 14:12

Anoetako Udalak herriko adineko pertsonen testigantzak jasotzeko proiektua abiatu du. Nekane Peñagarikano herriko kazetariak zortzi lagun jarri ditu kontu kontari, zazpi emakume eta gizonezko bat.

Victoria Goenaga Uria Alkizako Errota Zaharrean jaio zen, 1923an. Lau senideetan bigarrena zen, eta gaztetan joan zen Anoetara bizitzera. 72 eta 92 urte arteko zortzi lagunen testigantzak jaso ditu Anoetako Udalak, eta horietako bat da Goenagarena.

Zortzi lagunetatik zazpi emakumeak dira. Horren zergatiaz hitz egin du Josune Eizmendi parekidetasun zinegotziak: "Bizkaian egina duten 81 amama dokumentaletik jaso genuen ideia, eta pentsatu genuen guk hemen Anoetan bagenituela fundamentu handiko emakumeak, zeresan handia daukatenak".

Nekane Peñagarikano herriko kazetaria arduratu da adineko lagunak elkarrizketatzeaz; haren esanetan, "hutsune bat" beteko du lanak: "Gehienetan, gizonezkoen testigantzak jasota egoten dira, eta emakumeen ahotsa, isilarazita. Espazio bat eskaini nahi genien, haien ahotik konta dezaten zein bilakaera izan duen Anoetak".

Erabat itxuraldatu da herria azkeneko 80 urteetan, eta aldaketa hori bertatik bertara ikusi du Ixabel Berasategik. Modesto-enean jaio zen, 1925ean, eta han bizi izan da harrezkero: "Gure etxetik plazara bitartean beste pare bat etxe besterik ez zegoen, eta artean bideak egin gabe. Alkizatik jaisten zen jendea trena hartzera, eta gure etxean uzten zituzten astoak. Mezetara joateko oinetakoak ere hemen aldatzen zituzten". Modesto-enean duela gutxi arte taberna eta estankoa izan dituzte.

Berasategi da elkarrizketatuen artean Anoetan jaio den bakarra, gainerakoak gaztetan joan baitziren hara bizitzera. Eizmendik azaldu duenez, "Alkiza, Bedaio, Orexa eta Bidanitik gaztetan etorritako emakumeak dira; gerra garaia eta gerraondoa ezagutu zuten, eta neskame edo jostun aritzeko atera ziren euren herritik. Bizitza Anoetan egin dute".

Udalak abiatu duen proiektuak keinu bat egin nahi izan die garai hartan beste herrialdeetatik Euskal Herrira etorritakoei. Parekidetasun zinegotziaren esanetan, "gerra galdutakoak dira horietako asko, eta goseari izkin egin nahian etorri ziren hona. Francisca Davila herritarra, adibidez, Zalamea de la Serenan (Badajoz, Espainia) jaiotakoa da, eta Anoetan izan zen lehen etorkina da. Kontatu duenez, hiru egun behar izan zituen trenez Euskal Herrira etortzeko. Aurrena Mutrikun eta gero Anoetan topatu zuen bizilekua".

Elkarrizketatutako adinekoek garai gogorrak ezagutu zituzten. Gerra bera ere gogoan du, adibidez, Goenagak: "36an Donostian erreketeak sartzekoak zirenean, gogoan daukat nola eman genuen gau bat sukaldeko mahaiaren azpian bonbak botako zituzten beldur". Gosea ere gogoan du Casto Arregik: "Nahikoa larri ibiltzen ziren gurasoak pezeta batzuk ateratzeko. Lana gogotik egin behar izaten zuten". Maritere Ugartemendiak dioenez, baserrian nola hala moldatzen ziren: "Taloak erretzen nazkatu ginen gu. Orain, esate baterako, estimazioa handia du babarrunak. Gaztetan guk adina jan izan balute, bestelakoa litzateke kontua". Davilak Badajoztik ekarritako gastronomia ere txertatu zuen Anoetan: "Guk tomatea gordinik jaten genuen, eta arraro begiratzen gintuzten. Barrukiak jateko ohiturarik ere ez zegoen hemen".

Bestelako ohiturak ere jaso dituzte elkarrizketetan. Berasategik azaldu duenez, San Joan bezperan, egunean bertan eta beste bi egunetan izaten zen jai Anoetan. "Hirugarrenean gazteak eskera ateratzen ziren, oilasko biltzera, gero plazan jokoa egiteko". Giro itxia bizi bazuten ere, jolaserako tartea hartzen zuten: "Guri aitonak ekarri zizkigun paletak pilotan ibiltzeko. Nik behin ere ez nuen esan, baina nazioartean erraketan ibiltzeko aukera eman izan balidate, gustura asko joan izango nintzatekeen".

Jarraipena duen egitasmoa

Peñagarikanok izan du harremana adinekoekin, eta, esan duenez, "elkarrizketatu gehienak gustura aritu dira hizketan". Batez beste, ordubeteko solasaldiak egin dituzte haiekin. "Ezezko gutxi jaso ditugu, baina kontuan hartu behar da badirela emakumeak jendaurrean aritzeko oraindik ere lotsa sentitzen dutenak".

Andoaingo Bideo Eskolako Rakel Rodriguezen laguntzaz grabatu dituzte bideoak. "Bakarka edo taldean grabatu? Zalantza hori izan dugu, askotan ez baitakizu nola egongo diren lasaiago gonbidatuak. Batzuk bakarrik aritu dira, eta besteak, berriz, binaka", azaldu du Peñagarikanok.

1.500 euro jarri dituzte aurten proiekturako, baina Eizmendi zinegotziak aipatu du datorren urteetan ere jarraituko dutela elkarrizketa gehiago egiten. "Gero ikusiko dugu zein euskarritan bildu egindako lan guztia". Pello Estanga Anoetako alkateak ere proiektuaren garrantzia azpimarratu du: "Ez dira azpiegitura handiak egiteko garaiak, eta altxor hau jaso eta zabaltzea da gure asmoa. Belaunaldi ezberdinen arteko transmisioa ere landuko dugu herriko ikastolarekin. Uste dugu herritarren jabekuntzan sakontzeko modua hau dela".

Oraingoz, hamabi orduko grabazioak ordu erdira ekarri dituzte, eta ikus-entzunezko bat osatu dute, Mikel Atxega herritarraren laguntzaz. Proiektuan parte hartu duten adinekoei erakutsi zieten, uztail hasieran, udaletxeko batzar aretoan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!