Alkateei elkarrizketak

"Pertsonen ongizatean inbertitu nahi dugu"

Ataria 2015ko uzt. 7a, 08:02

Aurreko legealdian oposizioarekin ia harremanik ez dutela izan aitortu eta herritarrek euren botoarekin elkarlanerako deia egin dietela uste du Pello Estangak. Alkate moduan bigarren legealdia hasi du. Bost zinegotzi izango ditu EH Bilduk eta lau EAJk.

Zein da maiatzaren 24ean lortutako emaitzen inguruko balantzea?

Duela lau urteko emaitzek ere ez zuten errealitatea bere horretan azaltzen. Gu egindako lanarekin gustura gaude. Herritarrek hitz egin dute eta gure ustez elkarlanean aritzeko agindua eman digute. Dagoeneko gonbita luzatu diogu EAJri eta espero dut elkarrekin aritu ahal izatea datozen lau urteetan. Aurreko legealdian apenas egon den harremanik eta elkar ulertzeko beste urrats bat eman beharko genuke.

Zein da udalaren egoera ekonomikoa gaur egun?

Aurreko lau urteak latzak izan dira ekonomikoki, baina gustura gaude egindako lanarekin. Zerbitzu aldetik ez dugu murrizketarik egin, ezta tasarik igo ere. Udalak zuen zorra %30ean jaitsi dugu eta nahiz eta zorpetuta jarraitu, zor hori jasangarria da. Kiroldegiaren eraikina ordaintzen jarraitu beharko dugu beste hamar urtez, baina lasai gaude, sarrerak eta gastuak orekatuta baitaude. Nola egiten den hori? Tentuz gastatuz, zorpetzeari utziz eta zorra amortizatuz. Beste erakundeekin elkarlana bilatu dugu inbertsio berriak egin ahal izateko.

Zein inbertsio bideratu dituzue azkeneko lau urteetan?

800 mila euro inguru inbertitu ditugu azken legealdian. Argiteria guztia aldatu dugu eta horrekin puska handi bat joan zaigu. Osasun zentroa ere berritu dugu eta udalak lokalak eskuratu ditu, bertan liburutegi berria jarri ahal izateko. Gaztetxoen parkeak ere berritu ditugu eta aisialdirako gune bezala merenderoa inauguratu dugu. Aurreko martxoan baratze parkea jarri genuen martxan eta horrekin batera, beste hainbat konponketa txiki bideratu ditugu.

Etxebizitza berriak egiteko asmoa al dago Anoetan?

Lau urteetan 106 etxebizitza berri egin dira Anoetan eta horietatik 28 babes ofizialekoak izan dira. Gehiengoa herrikoek bertakoek eskuratu dituzte eta populazio aldetik hazkundea ekarri digu. 2.000 biztanle izateko mugan gaude. Oraingoz, esango nuke, nahikoa osatuta geratu dela herria eta ez dagoela etxebizitza behar handirik. Hala ere, onartzear dagoen plan orokorrean aurreikusita daude proiektu berriak.

Zehaztuta geratuko da plan horretan zein erabilera eman eremu bakoitzari?

Bai, adibidez, A8 eta A9 eremuak oraindik legeztatu gabe daude eta guk azkeneko urteetan urbanizazio lanak egin ditugu bertan. Industrigune hori legeztatzea dagokigu eta epe motzera egingo dugu Plan Orokor berriarekin.

Zein beste inbertsio aurreikusten dituzue legealdi berrirako?

Guk herritarrengan inbertitu behar dela uste dugu, ez dela hau azpiegitura handietarako garaia. Parekidetasuna jorratu nahi dugu, adibidez. Adineko pertsonen lekukotzak eta testigantzak jasotzen jarraituko dugu. Belaunaldien arteko transmisioa ere sustatuko dugu Anoetako Ikastolarekin batera. Gero hori guztia jaso eta zabaldu egingo dugu herritarren artean. Erroldatzen diren guztientzako harrera gida bat prestatzen ari gara. Bestalde, hondakinen gaiarekin hobekuntzak egin  nahi ditugu aurretik finkatutako helburuak ahaztu gabe. Parte hartzean sakontzen joan nahi dugu eta auzoz auzo bilerak eginaz jarraituko dugu, eragileekin harreman estua mantenduz eta herritarren jabekuntzan sakonduz.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!