Anoetako Baratze Parkea ofizialki zabaldu dute

Tolosaldeko Ataria 2015ko eka. 18a, 19:14

Guztira 36 lursail daude, horietatik 31 esleitu dira eta gainerakoak eskuratu nahi dituztenek izena eman dezakete udaletxean.

Hernialde bidean Anoetako Herri Ikastolaren ondoan kokatuta dago Anoetako Baratze Parkea. Nekazaritza ekologikoan aritzeko udal partzelak herritarren eskura jarri ditu Anoetako Udalak aisialdirako baratze modura erabiltzeko.

50 metro karratuko 31 lursail esleitu dira eta horietako hiru talde bereziei eman zaizkie. Aratz Luisa, Anoetako ingurumen zinegotziak nabarmendu duenez "inaugurazio ofiziala da gaurkoa baina martxotik ari da jendea lanean. Proiektu hau martxan jarri genuen, aisialdirako gune bat izateaz haratago, ingurunearekiko errespetua eta kontzientziaziorako gune bat izatea nahi genuelako".

Baratze Parkeko lursailen emaitzak auto-hornikuntzarako erabiliko dira eta ezingo dira etekin ekonomikoa lortzeko baliatu. Aisialdi aktiborako topagunea izateaz gainera, giza talde ezberdinen arteko elkarbizitza eta harremana bultzatuko da Anoetako parkean: "auzolana oinarri hartuta kultura ezberdinetako jendea biltzeko gune bat izatea nahi genuen eta lortu dugula esango nuke", aipatu du Luisak.

Inaugurazio ekitaldian izan da Mikel Insausti Kutxa Ekoguneko zuzendaria. 2012an egindako hausnarketa baten ondorioa da Baratze Parkeen proiektua: "behar bat bazegoela sumatu genuen eta denborak arrazoia eman digu. Gaur egun, 10 Baratze Parke ditugu Gipuzkoan". Anoetakoarekin batera, eskualdean Tolosa eta Alegiakoa daude. Baratze Parkea Sarea sendotzen doa, aurten, Elgeta, Azkoitia eta Zumaiakoa gehituko baitira.

"Eskuzko teknikak erabiltzen dira baratze hauetan eta ez da neguterik egoten. Ureztatzea eskuz egiten da eta metodo ekologikoa erabiltzen da, ez da adibidez ongarriztatze kimikorik erabiltzen", azpimarratu du Insaustik aurkezpen ekitaldian.

Aurreko apirilean Furgobaratza zerbitzua jarri zuen martxan Kutxa Ekoguneak. "Anoetako baratzekideek aukera izango dute hilean behin beraien galderak, kezkak eta arazoak bertako teknikariei azaltzeko, zuzenean aholku teknikoak, konponbideak eta gomendioak jasoz", aipatu du Insaustik. Furgobaratzaren bitartez, landareak eta baratzerako beste produktu ekologikoak helaraziko zaizkie baratzezainei. Kutxa Ekogunearekin elkarlanean Anoetako Udalak barazkiak modu ekologikoan ekoizten ikasteko tailerrak eskainiko ditu. Lehenengoa martxoan egin zuten Anoetan.

Lursailaz gain, erabiltzaileek etxetxo bat edukiko dute lanabesen biltegi eta aldagela gisa. Baratzeak erabiltzeko baimenak urtebeteko muga izango du eta gehienez, beste lau urtez luzatu ahal izango da.

Baratze parkea web gunea

Baratze Parke Sareak duen ekarpenik erabilgarrienetko bat www.baratzeparkea.ekogunea.net webgunea da. Bertan izena emanez gero, herritarrek buletin bat jaso eta antolatutako ekimenen berri izango dute. Era horretan, erabiltzaileek Baratze Parkea Sareko informazio guztia eskuragarri izango dute: baratzezaintzari buruzko aholku praktikoak, ikastaroak, ekimenen agenda, argazki galeriak... eta baita beste herrietako kideekin harremanak egiteko aukera ere.

Bestalde, Baratze Parkea Sareko kideek foroan parte hartzeko aukera dute. Modu honetan, herri ezberdinetako Baratze Parkeko partaideek elkar ezagutzeko eta informazioa zein gomendioak elkar trukatzeko aukera dute.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!