Bi dokumental eskainiko dituzte astelehenean Anoetan

Ataria 2015eko maiatzaren 29a

Jatorri anitzeko emakumeak biltzen dituen Guretzako izeneko taldeak ekimena antolatu du astelehenean Anoetako auditorioan.


Bi dokumental eskainiko dituzte. Lehenengoa, Tolosaldeko burrunbak, Identibuzz proiektuaren baitan egindako filma da, eta bertan, Tolosaldean bizi diren jatorri ezberdinetako pertsonek hartzen dute parte. Biztanleen nahasketa kulturalaren gainean eratutako nortasun berriei buruzko lana da.

Bigarren filma, Entre dos orillas izenekoa da eta emakume marokoarren ahotsak biltzen dituzte bertan. Hisham Malayok zuzendutako dokumentala da.

Anoetako MIkelasagasti auditorioan, 17:00etan eskainiko dituzte bi filmak eta sarrera doakoa izango da. Guretzako emakume taldeak jakinarazi duenez, haurtzaindegi zerbitzua egongo da bertan.

Jatorriz munduko toki ezberdinetakoak diren emakumeek osatzen dute Guretzako eta taldeak osatu dituzte Tolosan, Anoetan eta Villabonan. Dagoeneko ekimen ezberdinak burutu dituzte eta Lourdes Tejero aritzen da taldeak dinamizatzen.

Anoetan, adibidez, 5 edo 6 emakume ibiltzen dira Guretzako taldean eta munduko toki ezberdinetakoak dira jatorriz.

Aurreko abenduan, adibidez, Compañeras de viaje dokumentala eskaini zuten Villabonako Gurea zinema aretoan. Dokumental honek, etxeko lanak eta menpekotasuna duten adineko pertsonak zaintzen dituzten emakume latino amerikarren esperientziak irudikatzen ditu.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!