Tanta, erreka eta itsasoa. Dantzaren bitartez urak egiten duen ibilbidea emango dute gaur Anoetako Anitz dantza taldeak prestatu duen emankizunean. Abraham Olano kiroldegian izango da 22:30ean hasita.
Aurten 400 urte betetzen dira Anoeta Tolosarengandik banatu eta hiribildu titulua eskuratu zuela. Data hori buruan zutela hasi ziren aurtengo emanaldia prestatzen baina Anitz taldeko kideek aditzera eman dutenez, «konplikatua ikusten genuen garai hartako historia dantza bidez transmititzea». Beraz, emanaldia prestatzeko taldea bildu eta ideiak botatzen hasi ziren. Brainstorming-aren ondoren erabaki zuten aurtengo ikuskizuna urari eskaintzea. «Zerikusia izango zuen, noski, emanaldia prestatzen eman genituen hilabeteak euritan bota zituela», aipatu dute, umorez, taldeko kideek.
Emanaldiko gidoia, Nekane Peñagarikanok prestatu du hainbat herritarrekin batera. Olerki batekin eta trumoi hotsekin abiatuko da ikuskizuna. Parte hartuko duten dantzari gazteenek emango diote hasiera Ura dantzan ekitaldiari, aterkiak eskutan hartuta egingo baitute lehen saioa.
Anitzek biltzen dituen talde guztiek ez dute parte hartuko emanaldian. Txikienak ez dira oholtza gainean egongo baina bai 7 urtetik gorakoak. Dantzari zaharrenak 45 urte inguru ditu eta helduen taldean ibiltzen da. Horrekin batera Alurr dantza taldean aritzen diren anoetarrek ere bere ekarpena egingo diote ikuskizunari. Ikasitako koreografiak erakutsiko dituzte 60 dantzarik, gaur, kiroldegian.
Oholtza gainean ariko dira herritar batzuk eta beste batzuk, berriz, inguruan jardungo dute prestaketa lanetan. Lan taldeetan dago banatuta Anitz. Itziar Lazkano kideak aipatu duenez, «jostun talde bat dugu eta haiek egiten dituzte jantziak. Dantzari txikiez arduratzen den beste talde bat dago eta gurasoen inplikazioa ere handia da». Anoetako Udalak lokal bat erabiltzeko baimena eman zion Anitz dantza taldeari eta han biltzen dituzte emanaldietan erabiltzen dituzten jantziak. Bertan egiten dituzte, baita ere, koordinazio bilerak.
«Gure taldearen bihotza, hala ere, dantza irakasleak dira. Fenomeno batzuk dira. Artista batzuk koreografiak prestatzen, umeak maneiatzen, emanaldiak prestatzen. Irakasle onak dira eta dantzari hobeak». Itziar Lazkanok hitz horiekin nabarmendu du dantza taldean aritzen diren irakasleen lana. Zazpi dira guztira, denak anoetarrak bat ezik: Iñaki Agirre. Dantza irakasle profesionala da eta berak ere laguntzen die Anitz dantza taldean.
Amaiur Luluaga eta Ane Jauregi anoetarrak dira eta 14 urte zituztela hasi ziren dantza irakasle lanetan. «Gu ikasten ibiltzen ginen garaian ez zegoen fundamentu handirik herrian eta horrekin aspertuta geunden. Udara batean Ibarrako San Bartolometan Alurren emanaldi bat ikusi genuen eta zalantza gutxi egin genuen, zuzenean eman genuen bertan izena. Ibarran hasi bezain laster eskaini ziguten hemen irakasle hasteko aukera».
Anoeta, dantzazalea
Herriko irakasleak lanean hastearekin batera hasi zen Anoetan dantza taldea indartzen. Tradizioa handia du dantzak Anoetan baina ibilbide gorabeheratsua izan du.
Dantza taldearen hasiera 1952. urtean kokatzen dute anoetarrek, Manuel Odriozola zenaren gerizpean: «Herrian bera hasi zen gaia mugitzen, dantza soka eta ezpata dantza erakutsiz 14-17 urte bitarteko gaztetxoei». 20 ikasle inguru izan zituen Odriozolak, bi taldetan banatuta. Lan horretan, 1970. urtera arte aritu zen.
Beranduago, 1977an, orduko Eskola Publikoko irakaslea zen Tere Mozok hartu zuen lekukoa: «Herrian dantza suspertzeko, egun desagertua dagoen Arkaitz Tolosako Dantza taldearekin hitz egin zuen. Horri esker, bertako irakasle batzuk Anoetan hasi ziren klaseak ematen. Zortzi urte inguru egon ziren hemen, 50 ume inguruko talde batekin». Hauetatik 20 mutilak eta 30 neskak ziren. Orduan hasi ziren emakumeak dantzan, garai batean gizonezkoek bakarrik jarduten baitzuten.
Gaur egun egoera bestelakoa da Luluagak eta Jauregik aipatzen dutenez: «Umeen taldeetan eta helduen taldean animatzen dira mutilak, baina tarteko adina dutenak ez dira animatzen. Beste zaletasun batzuk nagusitzen zaizkie, kirola esate baterako. Gainera, ez da bakarrik entseguetara agertzea, gauzak prestatu behar izaten dira eta ahalegina eskatzen du dantza taldean aritzeak».
Itziar Lazkano ere iritzi berekoa da. «2006. urte inguru horretan guraso talde bat bildu baginen izan zen egoeraz kezkatuta geundelako. Ordura arte, Anoetako Udalak antolatzen zituen dantza ikastaroak herrian baina ez zegoen irakasle finkorik. Egonkortasunik ez zuten ikastaroek». Dantza taldearen etorkizuna bermatze aldera, Alurren hasiak ziren Anoetako dantzariei eskaini zitzaien herrian klaseak ematea. Ordutik hona sendotzen joan da Anoetako dantza taldea.
Alurrekin harreman estua landu dute urteotan eta udalak ere hitzarmena sinatua du Ibarrako taldearekin. «Guretzako zorte handia izan da. Alurrek asko lagundu digu, irakasleak formatzen, jantziak egiten, aholkuak ematen... Zalantzaren bat izan dugunean beti agertu dira laguntzeko prest». Luluagak eta Jauregik ere esker ona adierazi dute: «Gauza asko ikasi genituen bertan, besteak beste, emanaldietarako eszenografia antolatzen. Gaur adibidez, guk atonduko dugu kiroldegia». Urtez urte esperientzian irabazten doaz eta gauzak geroz eta hobeto egiten dituzte.
Herri dantzazalea da Anoeta. Kopuru aldetik eta sendotasunean gora egin du herriko dantza taldeak. 80 bat dantzarik osatzen dute taldea. 62 haur daude lau taldeetan banatuta, gazteak eta helduak berriz, 19 dira. «Jende asko da baina esanguratsuena denak gogoz aritzen direla». 2013an Anoetan dantzak izan duen bilakaera jaso zuten jaien hasierako emanaldian eta une hori aukeratu zuten dantza taldearen irudi eta izen berria ezagutzera emateko. «Anitz izena jarri genion. Lehiaketa bat antolatu genuen hori erabakitzeko eta Jon Ander Artola billabonatarrak aurkeztutako logoa aukeratu genuen, espartin batzuen irudia daramana».
Herrian errotuta dagoen taldea da Anitz eta ahal duenetan gainerako eragileekin elkarlana bilatzen du. «Herri mailan, Dantzari Txiki Eguna antolatzen dugu, eta ikasturte amaieran dantza emanaldi handi bat egiten dugu, haur, gaztetxo eta helduekin. Horrez gaindi, Euskal Jaian, San Joan bezperan, Gabonetan... parte hartzen dugu». Gaurko emanaldian, esate baterako, herritarren parte hartzea garrantzitsua izango da. Lekeitioko kaxarranka dantzatuko dute eta kaxari eusteko zortzi herritarren laguntza izango dute.
Kostako dantzak protagonista
Urak egiten duen ibilbidearen amaiera itsasoan dago eta giro horretako dantzak emango dituzte gaurko emanaldian. «Bukaerakoa da indar gehiena duen partea, itsasoarena. Itsasoa laino dago kantuarekin abiatuko da zati hori eta gero kosta giroko dantzak dantzatuko ditugu», adierazi du Luluagak.
Modu batera edo bestera etengabe entzungo da uraren soinua. Beti egongo da presente. Musikaren zati handi bat zuzenean emango dute Loatzo Musika Eskolako ikasleek. «Talde instrumentala dugu eskolan eta besteak beste, dantza emanaldietarako prestatzen ditugu ikasleak», esan du Leire Telletxea irakasleak. Zortzi lagun ariko dira musikari gisa: eskusoinua, pianoa, biolina, biolontxeloa, klarinetea eta perkusio kaxak joko dituzte. Anoetakoekin batera, Villabona eta Altzoko ikasleak ere ariko dira.
Musikari horietako bat da Txomin Urdanpilleta. «Loatzo Musika Eskolan aritzen gara musikari guztiak eta dantza tradizionalak eta bestelako piezak ere joko ditugu». Dantza eta dantza artean zubi-lanak egingo dituzte. Horretarako zuzeneko musikarekin batera, aurrez grabatutako abestiak eta efektuak erabiliko dituzte.
Loatzo Musika Eskolarekin bezala beste hainbat eragilerekin egin duten elkarlanaren erakusgarri da iaz egin zuten emanaldia. Herriko bertsolariekin batera, Euskal Herrian zehar bira moduko bat egin zuten, tokian tokiko dantzak eta musikak erakutsiz.
Ofizialki Anoetako jaiak, Korputs egunaren bezperan hasten dira, alegia, datorren asteazkenean. Data horren aurreko asteburuan, ordea, lehenengo ekitaldiak egiten dituzte herrian eta aspaldiko ohitura da ostiralez emanaldi handi bat antolatzea. «Garai batean bertso antzerkia egiten zen eta oso arrakastatsua suertatzen zen. Fase hori amaitu zen eta gaur egun Anitz dantza taldekook daramagu emanaldiaren antolakuntza, beste hainbat herritarren laguntzaz».
2008-2009 ikasturtean Anoetako Herri Ikastolako ikasleek Sharing European Memories (SEME) proiektuan parte hartu zuten eta 15 eta 16 urte arteko 25 ikaslek herriko historia ikertu zuten Irurako eta Anoetako adineko pertsonen testigantzak jasoz. Mikel Errazkin historialari anoetarraren laguntza izan zuten eta nekazaritza, umeetako jokoak, eskola eta herriko dantzen inguruan galdetu zitzaien adinekoei. Ikasleek landutakoaren bueltan antolatu zuten urte hartan, 2009an, Memoria dantzan ikuskizuna. «Anitz dantza taldeak parte hartu zuen emanaldian eta hain ondo atera zen, pentsatu genuela horri segida eman behar zitzaiola», dio Lazkanok.
Pentsatu eta egin. Egiten dutena dira. Gaur gauean eskainiko dute Ura dantzan emanaldia Anoetako kiroldegian 22:30ean hasita. Korputs festei hasiera emateko modu ederra izango da.