EH Bilduk irabazi ditu hauteskundeak Anoetan. 509 boto eskuratu ditu eta 90 bototan egin du behera duela lau urteko emaitzekin alderatuta. Pello Estanga EH Bilduko alkategaiak nabarmendu duenez, «bagenekin emaitza hauek eman zitezkeela, baina, hala ere, eskerrak eman nahi dizkiet gugan konfiantza jarri duten herritar guztiei».
Hondakinen bilketa sistemaren inguruan sortu den gatazkak emaitzetan eragina izan duela uste du Pello Estangak: «gai horrek eragina izan duela uste dugu baina gure programan konpromiso hori hartua geneukan eta eutsi egin diogu».
EAJko alkategai eta egungo zinegotzi Kepa de la Iglesiaren ustez «emaitzak zehatzago aztertu behar dira, baina uste dugu herritarren haserrearen ondorio ere badirela emaitzak». Bikoiztu egin ditu datuak EAJk, 222 eskuratu zituen duela lau urte eta 444 atzo.
«Balorazio oso ona egiten dugu alderdi jeltzaletik, pentsatzen dugu hautagaitza polita aurkezten genuela eta horrek ere izan duela eragina emaitzetan», Kepa de la Iglesiaren ustez.
Elkarlanerako deia
EAJren emaitzen inguruko balorazioa egin du EH Bilduk. «Hondakinen kudeaketarekin zenbait herritarrek zuten haserrea botoetan islatu da. Duela lau urte ez bezala, aurten PP ez da aurkeztu eta pentsatzekoa da boto horiek EAJra joan direla».
Hemendik aurrera Anoetako Udalean bost zinegotzi izango ditu EH Bilduk eta lau, berriz, EAJk. Bikoiztu egin dute jeltzaleek ere eserleku kopurua .
Pello Estanga EH Bilduko hautagaia izango da alkate datozen lau urteetan eta deia egin die oposizioan lanean arituko diren zinegotziei: «herriaren alde lanean jarraitzeko prestutasuna agertzen badute, ez da arazorik izango elkarlanerako. Herritarrek hitz egin dute eta erabaki hori errespetatu eta haien mesedetan aritzea dagokigu»·
Koalizio abertzaleko hautagaiak herritarren eskutik lanean jarraituko dutela hitz eman du, «aurreko lau urteetan egin dugun bezala eta norabide horretan udalera lanera datorren edonor da ongi etorria». Jarrera horrekin Anoetaren alde egiteko asmoa agertu du Pello Estangak.