Hauteskundeak 2015. Elkarrizketak

"Hondakinak biltzeko sistemaren inguruan galdeketa bultzatuko dugu"

Iñigo Terradillos 2015ko mai. 20a, 10:02

Kepa de la Iglesia Anoetako EAJren alkategaia da. Alkatetza eskuratuz gero, kudeaketa "gardena" bultzatuko dutela, hondakinen bilketa sistemaren inguruko galdeketa egingo dutela eta lurzoru industrialaren gaia jorratuko dutela adierazi du.

Zinegotzi izan zara azken legealdian. Zer nolako balantzea egingo zenuke?
Laburbilduz, iruditzen zaigu oso legealdi txarra. Ezker Abertzaleak eman duen politikak jendea iskanbila betean jarri du zaborren gaiarekin, udaletxearen funtzionamendua motel dago, kudeaketa gaiak bete gabe daude... Gaur da eguna 2014ko likidazioak egin gabe daude, eta 2015eko aurrekonturik ez dugu. Jendea zeharo aztoratu da zaborren gaiarekin eta herrian giro txarra sortu da. Plenoetara eraman ditugun mozioak ez dizkigute gai zerrendetan jarri eztabaidatzeko, eta gai pila bat daude horrela geratu direnak.

Aurrera begira jarrita, osatu duzuen programatik zer nabarmenduko zenuke?
Herritarrei aurkeztu diegun programan zaborren gaia jarri dugu. Aztertu ondoren erabaki dugu galdetegi bat egingo zaiela herritarrei sistemaren inguruan. Jendeak erabakiko du jasotzeko era. Gure ustez zaborrak biltzeko protagonista herritarra da, eta erraztasunak eman behar zaizkie herritarrei. Iskanbilaren ondorioz ikusi da hitza eman behar zaiela. Bestalde, nahi duguna da kudeaketa gardena. Dena argi eta garbi, herritarrek edozein momentutan jakin dezaten udalaren egoera eta gestioa nolakoa den.

Bestalde, baditugu proiektu potoloak eskuartean. Adibidez, ez da aurreikusten lurzoru industriala eta guk hori jorratu nahi dugu. Horrek aberastasuna ekartzen du herrira eta lanpostuak sortzen ditu. Autobus sistema ere aldatu egin digute, eta duela 40 urteko sistemara itzuli gara. Ez da herritik sartzen. Herrira eraman nahi dugu. Hirigintza aldetik, irisgarritasun irizpideen arabera egokitu nahi dugu, kexak badaude eta.

Taldeari dagokionez, talde ona sortu dugula uste dut, esperientziaduna. Bi alkate ohi daude, eta beste hainbat zinegotzi izandakoak gara bai udalean, baita oposizioan ere. Kudeaketa, beraz, ezagutzen dugu. Helburua, herria kudeatzeko sistema aldatzea: gertukoa, gardena, baliabideak ondo kudeatuz...

Zergatik bozkatu beharko lukete anoetarrek EAJ?
Nagusiki aldaketa ekarri nahi dugu. Horrela ezin dugu jarraitu. Egoera bereziak ditu herriak. Ekonomikoki nahiz eta alkatea prentsan atera esanaz superabita dagoela, badakigu hori sortu dela etxebizitzen lizentzia eta obrengatik. Hori kasu berezia da, horrelakoak ez daudenean Anoetako ekonomia ez dago orekatua eta gastu gehiegi dago. Hori kudeatu behar da, gastuak kontrolatuz, eta ez zergak igoz. Esfortzuak udalak egin behar ditu. Eta gero, partaidetzagatik. Anoetan gauza asko ezarri dira eztabaidatu gabe, eta adostasuna bilatu nahi dugu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!