Herritarren hainbat eskaera bideratu ditu Anoetako Udalak

Ataria 2015ko mar. 26a, 09:38

Autobus zerbitzuan aldaketak egin dituzte, zakur kakak biltzeko ontziak jarri dituzte herrian zehar eta auzolanean herri baratzetako partzelak banatu eta izendatu dituzte.

Duela hilabete gutxi jarri zuten martxan Tolosaldeko garraio publikoko sistema berria. Aldaketak egin dira Anoetako autobus zerbitzuan: Tolosa-Asteasu lineak herriko kanpoaldean egiten du geldialdia eta ez da herrira sartzen. Hori dela eta kexaka gerturatu ziren hainbat herritar udalera, «dagoeneko autobusik ez delako sartzen herrigunera». Pello Estanga Anoetako alkateak nabarmendu duenez, «lehengo aldean autobus zerbitzu hobea du Anoetak. Orain eskaripekoa da Tolosa-Alkiza linea eta herritarrek behar dutenetan eska dezakete».

Martxoan, Gipuzkoako Foru Aldundiko garraio buruak eta Tolosaldeko garraio arduradunak bilera egin zuten herritarrekin. Alkateak esan duenez, «herritarrek egindako eskaerari kasu egin diete eta eskaripeko autobus honen maiztasuna handitu egin dute goizetan».

Halaber, Donostiara doazen TSST lineako autobusek orain arte Irurako Trinketean izaten zuten geltokia. «Gazteak gerturatu zitzaizkigun esanez, batez ere neguan eta eguraldi txarrarekin haraino joatea deseroso egiten zitzaiela. Helegite bat jarri genuen Aldundian eta onartu egin digute. Hemendik gutxira Donostiara doan lineak, Anoetan ere izango du geltokia». Tolosarekin, Donostiarekin eta eskualdeko beste herriekin ondo komunikatuta geratu da beraz, Anoeta.

Zakur gorotzak biltzeko ontziak

Kexa gehiago ere jaso dituzte Anoetako Udalean. Estangak azpimarratu duenez, «herritar asko gerturatu zaizkigu kalean zakur kakek eragiten duten zikinkeriarekin kezkatuta eta horregatik erabaki genuen herriko zakur jabeekin bilera bat egitea». Haiekin adostutako tokietan zortzi ontzi jarri dituzte zakur gorotzak biltzeko.

Herri baratzeak erabiltzeko prest

Martxoaren 19an, San Jose egunez auzolanean bildu ziren hainbat herritar herri baratzetako lur-sailak banatzeko. Zenbakiak ere jarri zizkieten sailei.

36 pertsonentzako prestatu dituzte herri baratzeak. Duela bi hilabete egin zuten lur-sailak banatzeko zozketa eta «denak esleitu genituen. Eskaera egin zuen inor ez da gelditu bere baratze gabe», esan du Anoetako alkateak.

Lursailak 8x5 metrokoak izango dira, eta era berean, 50 euroko fidantza eta 100 euroko kuota ordaindu beharko dituzte urtean. Behin ordainketa egin eta hurrengo egunean hasi ahalko dira baratzeetan lanean. Aurreko astean egindako lur sailen banaketaren ondoren dagoeneko herri baratzeak erabiltzeko moduan daude.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!