Pello Estanga izango da Anoetako EH Bilduren alkategaia

Ataria 2015ko mar. 7a, 17:23

Gaur, hilak 7, herri batzarra burutu da Anoetako Mikelasagasti Auditorioan. 50 pertsona inguruk hartu dute parte eta maiatzaren 24ean burutuko diren hauteskundeetan EH Bilduk izango duen herri programa eta hautagaitza aurkeztu dituzte.

Herri-programa osatzeko parte-hartze prozesua jarri zuten martxan duela bost hilabete inguru: bost pertsonek osatutako talde-eragilea herriko eragile, gizabanako eta herritar-sektoreekin (gazteak, gaztetxoak, gurasoak, jubilatuak...) bildu da hilabete hauetan. Norbanako eta eragile hauen “erantzuna oso ona izan” dela nabarmendu dute eta prozesu honetan parte hartu dutenen “prestutasuna eskertu” dute.

Hain zuzen ere, bilera horietan entzundako iradokizun, kexa eta proposamenen emaitza da gaur aurkeztu duten herri-programa. Hiru ardatz izango ditu Anoetako EH Bilduren programak: emakume eta gizonen arteko parekidetasuna, kultur askotarikotasuna eta euskara eta euskal nortasuna. Hiru ardatz sendo hauek bideorri izanik, anoetar guztien ongizatea lortzea izango da Anoetako EHBilduren helburua. Bide hori lortzeko iparrorratza parte-hartzea eta gardentasuna izango dira.

Era berean, datorren maiatzaren 24ko hauteskundeetara aurkeztuko den hautagaitza ezagutzera eman dute. Herri-programa zein hautagaitza aho batez onartu dira herri batzarrean: horrela, azken lau urteetan Anoetako alkate izan den Pello Estanga izango da Anoetako EH Bilduren alkategaia.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!