Euskara Anoetako lehen hizkuntza izan dadin lanean

Rebeka Calvo Gonzalez 2015ko ots. 19a, 12:04

Udalak 2017. urtera arteko Euskara Sustatzeko Ekintza Plana onartu du

Anoetan euskara herriko lehen hizkuntza funtzionala izatea nahi dute, eta hori dela eta, herritarrak sentsibilizatu eta motibatu nahi ditu udalak. «Horri berebiziko garrantzia  emango diogu», esan dute udaleko euskara zerbitzutik. Helburu hauek finkatuta lehentasunezko ildoak zehaztu dituzte, hain justu, 2017. urtera arte indarrean egongo den Euskara Sustatzeko Ekintza Planean onartu dituzten ildoak.

Plana zehaztu ahal izateko sei ataletan banatu dituzte hartu beharrezko neurriak; familia bidezko transmisioa; euskalduntze eta alfabetatzea; administrazioa; arlo sozio-ekonomikoa; liburugintza, kulturgintza eta kirola; eta hedabideak.

Familia bidezko transmisioa
Uemaren laguntzarekin gurasoak sentsibilizatzeko helburua du udalak, «euskararen erabilerari buruzko gomendioak bidaliz».

Euskalduntze eta alfabetatzea
Euskalduntze eta alfabetatzearen barruan hiru lan ildo zehaztu ditu udalak: ikastaroak ematea herrian bertan, informazioa banatzea herrira iritsi berri direnei eta diru-laguntzak bideratzea.
Udalak Anoetara bizitzera joandakoei euskaran murgiltzeko ateak ireki nahi dizkie, eta zentzu horretan ikastaroak antolatuko dituzte herrian bertan. «Ahalegin berezia egingo dugu etorri berriak euskara ikastera etor daitezen, baina maila guztietako ikastaroak antolatzen saiatuko gara», esan dute udaleko euskara zerbitzutik.
Era berean, etorri berriei harrera egiteko informazio orri bat banatuko diete, euskara ikasteko dauden aukeren berri eman asmoz. Bukatzeko, euskara ikasteko abian duten beka sistema hobetzen jarraituko dute. «Sistema hau gero eta hobea izaten saiatuko gara, batik bat gehien behar duten ikasleek ahalik eta diru gutxien gastatu dezaten», esan dute udaleko euskara zerbitzutik.

Administrazioa
Anoetako Udala Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko kidea da, izan ere anoetarren gehiengoa, %70etik gora, euskalduna da eta zentzu horretan udalak ahalegin berezia egingo du «hizkuntza politika ausartak» bideratzeko: «Udal administrazio gisa, baliabideak jarriko ditugu lana euskaraz egiteko, administrazioen arteko harremanak euskaraz izateko eta herritarrei zerbitzua euskaraz emateko, herritar guztien hizkuntza eskubideak errespetatuz».

Arlo sozio-ekonomikoa
Herriko merkatarien eta enpresen lehen hizkuntza euskara izateko ere egingo dute lan Anoetan. Zentzu horretan, merkatariek aholkularitza eta itzulpen zerbitzua jasotzen jarraituko dute. Horretarako Uemaren laguntza jasotzen jarraituko dute. Helburua argia da, beraien oharrak, fakturak eta jendaurrean jarri beharreko bestelako agiri guztiak euskara txukunean jarri ahal izatea.
Enpresei dagokienez, herriko hainbat enpresari bisitak egiten jarraituko dute udaleko arduradunek, eta horretarako Galtzaundi Euskara Taldearen laguntza jasotzen jarraituko dute: «Bisita hauetan enpresak konpromisoak hartzera animatuko ditugu, euskara gero eta gehiago erabil dezaten».

Kulturgintza eta kirola
Kulturgintzari dagokionez, liburutegia aipatu du herriko euskara zerbitzuak. Horiek horrela, Anoetako Udalak konpromisoa hartu du liburutegiko euskarazko eskaintza gero eta handiagoa izan dadin.
Era berean, udalak antolatuko dituen kultur jarduerak, ia bere osotasunean, euskaraz izango direla ere jaso dute 2017. urtera arte indarrean egongo den Euskara Planean.
Atal honekin bukatzeko, kirolean, kirol instalazioetako zerbitzua ere euskaraz izatea bermatuko du udalak.

Hedabideak
Azken atalean, hedabideei dagokionean, eskualdeko euskarazko komunikabideekin lankidetza-hitzarmenak sustatuko dituztela dio Euskara Planak. «Eskualdeko hedabideak herriko berriak emateko erreferente bihurtuko ditugu», esan dute. Zentzu honetan, udalak herritarrak sentsibilizatzeko egingo du lan, horrela euskarazko komunikabideak kontsumitu ditzaten.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!