Ekitaldi ugarirekin bukatuko dute hilabetea Anoetako Gaztetxean

Ataria 2015ko ots. 18a, 10:15

Bi Bala taldeko bateria jolea da Julen Goikoetxea

Igandean ‘Tortura en Euskal Herria’ dokumentala eskainiko dute

Anoetako Gaztetxean ekitaldi ugari antolatu dituzte hilabetea bukatzeko. Hasi, dena den, hilabete hasieran hasi ziren lanean, izan ere, Gazte Asanbladako kideak Dantza Soka egunean hartu zuten parte, eta Tolosako Inauterietan ere izan dira euskal mitologiako konpartsarekin. Horiek atzean utzita, hilabetea bukatzeko musika eta zinema eskainiko diete herritarrei.


Torturaren Aurkako Eguna
Tortura gaitzesteko eguna otsailaren 13an izan zen, hain zuzen Joxe Arregi zizurkildarra torturaz hil zutela 34 urte betetzen ziren egunean, eta hori oroitzeko Anoetako Gaztetxeko Gazte Asanbladakoek Tortura en Euskal Herria dokumentala eskainiko dute, igandean, hilak 22, 18:00etatik aurrera.
Hilaren 27an aldiz, ostirala, musika izango da protagonista. Bi Bala eta Zain taldeen kontzertuak antolatu dituzte. 22:30etik aurrera izango dira emanaldiak eta sarrerak 5 euro balio du.

Zain eta Bi Bala
Zain taldea Berrizen (Bizkaia) sortu zen 2005 eta 2006. urteetako neguan, nahiz eta lehen lana 2008an grabatu zuten. Maketa horrekin Gaztea IXI. Maketa Lehiaketa irabazi zuten 2010. urtean. Aurten beraz, 10. urteurrena betetzen dute, eta berriz ere oholtzara itzultzeko gogoz daudela diote Gazte Asanbladako kideek. Maketaz gain bi disko dituzte: 2010. urteko XXI. mendeko piratak eta 2013ko Egunsenti berri baten bila.
Bi Bala egitasmoak, bere aldetik, 2013an du abiapuntua. Urte hartako Bertso Egunean hasi zuten ibilbidea Aitzol Barandiaran eta Iñaki Gurrutxagaren eskutik. Gaur egun, Alegiako Julen Goikoetxea eta Xabi Etxeberriak ere osatzen dute taldea. Laukoteak Wasabi diskoa aurkeztuko du Anoetako Gaztetxean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!