Anoetako EAJk autobus geltokia lekuz aldatu izana salatu du

Ataria 2015ko ots. 18a, 10:05

Alderdi jeltzaleak dio jendea «haserre» dagoela geltokia plazatik kanpo jartzeagatik

Anoetako EAJ dio jendea «haserre» dagoela autobus geltokia plazatik kendu eta kanpoan jarri dutelako. «Atez atekoa kentzea eskatzearekin batera, geltoki aldaketa da gehien salatzen dutena», esan du Kepa de la Iglesia alkategaiak. Eskaera hauek herritarren eskaera eta iradokizunak jasotzeko ireki duten lokalean jaso dituztela esan du EAJk. «Jendea haserre dago herriko plazan eta Alkizako bidearen inguruan zeuden bi geltokiak kendu dituztelako eta geltoki bakarra jarri Apatxe moduan ezagutzen den etxearen parean, errepidearen ertzean», esan du De la Iglesiak.


Hori dela eta, EAJk geltoki aldaketa hauek bertan behera uzteko eskatu du, eta plazan berriz ere jartzeko eskatu du. Era berean, De la Iglesiak eskatu dio alkateari aldaketa hauek zergatik egin diren azaltzeko. «Aldaketa egin da, baina markesinak plazan jarraitzen du eta geltoki berriak ez du inolako aterperik, eta zerbitzu publiko on batek gutxieneko azpiegitura egoki bat eskatzen du, are gehiago egun hauetako giroarekin. Aldaketak beti hoberako izan behar dute ez okerrerako», gaineratu du.
Herritarrekin biltzeko ireki duten Hozpeleko lokala gaur, hilaren 24an eta martxoaren 3, 5, 10, 12 eta 17an egongo da zabalik, 18:00etatik 20:00etara.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!