Anoetako alkateak esan du berak eskatu zituela azalpenak osoko bilkuran

Rebeka Calvo 2015ko urt. 28a, 12:27

Pello Estangak azaldu duenez, «likidazioak epez kanpo aurkezten 12-15 urte daramatza udalak; barruko arazoa da».

Atzoko TOLOSALDEKO ATARIA egunkarian argitaratuko albiste batean Anoetako EAJko Kepa De la Iglesia alkategaiak osoko bilkuran azalpenak eskatu zituela zioen, baina Pello Estanga Anoetako alkateak gezurtatu egin du. Atzoko albistean astelehen iluntzeko osoko bilkuran De la Iglesiak 2015eko aurrekontu proiektua eskatu zuela esaten zen, baina alkatearen hitzetan «hori gezurra da. Osoko bilkuran isilik geratu zen, eta nik eskatu nizkion azalpenak idazkari kontu-hartzaileari erreguen eta galderen tartean, udalbatza guztiak jakin dezan zein den arazoa. Udala 12-15 urte daramatza likidazioak epez kanpo aurkezten eta barruko arazoa da, ez da oraingo kontu bat, urtero-urtero berdin gaude. Udalean egon diren alderdi politiko guztiekin pasa da. Eta hori ondo daki Kepa De la Iglesiak. Batzarreko aktan jasota dago hau guztia».

«Inongo argudiorik ez duten pertsonak gezurra erabili behar izatea oso tristea da, eta herritarrak nahastea besterik ez du lortzen. Hau bada EAJk politika egiteko duen bidea, hausnarketa sakon bat egin beharko luke», gaineratu du Estangak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!