EAJk hondakinen bilketa sistemari buruzko galdeketa egin nahi du

R. Calvo 2015ko urt. 8a, 11:34

Hauteskunde programan sartuko du asmo hori Anoetako alderdi jeltzaleak.

Anoetako EAJ alderdiak herrian hondakinak biltzeko erabiltzen den sistemaren inguruko galdeketa egin asmo duela iragarriz oharra banatu du etxez etxe. «Horrela anoetarrak bilketa sistema erabaki dezaten eta gaia behin betiko konponduta gera dadin», esan du Kepa de la Iglesia bozeramaile eta hautagaiak.

Asmo honen berri emateko agerraldia egin zuen de la Iglesiak orain gutxi, baina orain «urrats zuzenago» bat eman nahi izan du, eta anoetarren etxebizitzetara iritsi: «Gure konpromiso irmoa azaldu nahi dugu udala irekitzeko, horrela anoetarrei hitz egiteko aukera emanaz, eta erabaki dezaten atez atekoaren gaia, Bilduren inposatzea gaindituz». «Hiritarrek ez dute inposaketa eta isun mehatxu gehiago onartzen hondakinak uzteko ezarri duten kontrol zorrotzen aurrean. Udala da anoetarren zerbitzura egon behar duena eta ez anoetarra gaur egungo udal gobernuaren zerbitzura», gaineratu du alderdi jeltzaleko hautagaiak.

Era berean, herritarren ekarpenak jaso nahi dituztela gogoratu du Kepa de la Iglesiak. Horretarako hiru modu daude: antolatzen ari diren topaketetan parte hartuta, anoeta2015@gmail.com helbidera idatzita edo 688 82 61 16 telefono zenbakira deituta.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!