EAJko alkategaiak herritarren parte hartzearekin egindako proiektua defendatuko du

Rebeka Calvo Gonzalez 2014ko abe. 19a, 11:44
Kepa de la Iglesia alkategaia eta Anoeta Txukuneko IƱaki Merino, irudiaren erdian

Anoetako EAJ alderdiaren alkategaiak, Kepa de la Iglesiak, hondakin bilketaren inguruko galdeketa egitea proposatuko du bere gobernu programan, "anoetarrek bilketa sistema erabakitzeko" eta "gaia behin betiko konponduta" gera dadin.

Era berean, herritarrekin batera diseinatutako proiektua landu nahi duela azaldu du, eta ekarpenak jasotzeko hiru modu daudela esan du: antolatzen ari diren topaketetan parte hartuz, anoeta2015@gmail.com helbidera idatziz, edo 688 826 116 telefono zenbakira deituz. "Pentsatzen eta defendatzen duguna da udalaren kudeaketa onena gardentasunarekin eta zintzotasunarekin egindakoa dela, anoetarrei erantzunez eta inoiz ez bizilagunen gehiengoaren aurka", esan du.

Hondakinak biltzeko sistemaren inguruan aldaketa eman zela urte eta erdi pasa denean "anoetarrek sistemari uko egiten jarraitzen dute" esan du hautagaiak. "Sistema honen errefusa egunero nabaritzen da herriko hainbat puntutan kuboak zintzilikatzeko dauden tokietatik kanpo lurrean agertzen diren poltsetan, industria gunean eta Hernialde zein Alkizako errepidetan kokaturik eta inoiz baino gehiago erabiltzen diren edukiontzietan". Halaber edukiontzi gris eta marroien erabilera "pobretzat" jo du de la Iglesiak, eta konpostatzeko etxolen erabilera berriz, "kaskarra" dela esan du.

Kepa de la Iglesia Anoeta Txukun plataformako Iñaki Merinorekin batera egin ditu adierazpenak, eta azken honek iragarri du herritar independiente talde batek "aurrera pausoa eman" duela eta politikagintzan aritzeko prest azaldu dela, EAJren zerrendan sartuz. Bi edo hiru pertsona dira zerrendan joateko prest azaldu diren herritar independienteak. "Ez gara politikoak sentitzen herritarrak baizik, eta menpekotasunik gabe lan egingo dugu anoetar guztien iritziak bere tokia izan dezan udaletxean interes alderdikoiengatik baztertuz", esan du Merinok. Eta gaineratu du "asperturik" daudela alkatearekin eta Mankomunitatearekin, ez baitituzte aintzat hartu. "Aurten hainbat bileratan hartu dugu parte, bai alkatearekin, bai zinegotziekin, Zero Zabor plataformako kideekin eta baita Mankomunitateko arduradunekin ere, eta beti huts sentsazioarekin atera gara, eskatzen genizkien daturik gabe eta ezer aldatuko den itxurarik gabe. Beraiei amore ematera behartuta bageunde bezala", esan du Merinok.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!