Otsailean egongo dira erabilgarri Anoetako herri baratzeak

Rebeka Calvo Gonzalez 2014ko abe. 11a, 11:43

Galbaioko herri baratzeetan etxola egin dute jada, eta lurra goldatu dute

Udalak ia guztia prest du. Galbaioko herri baratzeetan 35 pertsonek hartuko dute parte, eta aurreikuspenen arabera, otsailean hasiko dira erabiltzen.

Anoetan ere herri baratzeen proiektua landu du udalak. Helburua bikoitza da, nekazaritza ekologikoa lantzeko aukera ematea herritarrei, beti ere autokontsumora begira, herriko baserritarrak ez kaltetzeko, eta bertakoen eta atzerritarren arteko elkarlana bultzatzea, "integrazioa lantzea", Ingurumen eta Baserri zinegotzi den Aratz Luisak esan duenez.

Apirilean egin zuten lehen bilera, eta bertan helburua finkatu zuten eta izena emateko zerrenda ireki. 41 pertsonek hartu zuten parte lehenik; "udalak proiektua bideragarria zela ikusi zuen orduan eta lanean hasi ginen", esan du Luisak. Lehenik eta behin, baldintza-agiriak egin zituzten, eta beste bilera bat egin zuten gero, izena emandakoekin. "Baldintzak ikusita azkenean 35 pertsona izan ziren animatu zirenak", gaineratu du.

Baldintza horiek, besteren artean, herritarra izatea, produktuak ekologikoan lantzea, inguruaren txukuntasuna mantentzea, autokontsumorako lan egitea eta elkarte bat sortzea dira. "Udalarentzat garrantzitsua da pertsona bakoitzaren eskaerak banan bana lantzen hastea baino, harremana denen interesei begirakoa izango den elkarte batekin edukitzea", argitu du zinegotziak.

Baserri giroa berreskuratuz

Aratz Luisak argitu duenez, Anoetan ere baserri giroa galtzen ari da, eta udalak horregatik hartu zuen Galbaioko herri baratzeen proiektua lantzeko erabakia. 35 erabiltzaileek hiru urte izango dituzte bertan aritzeko gehienez, eta 50 euroko fidantza eta 100 euroko kuota ordaindu beharko dituzte. Udalak ordainduko ditu erremintak, ekologikoan landu ahal izateko ikastaroa, etxola komunitarioko mantenua eta abar. Herri baratzeetan bertan konpostagailua ere jarriko dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!