Tasen izozketa proposatzen du Anoetako EAJk

Erabiltzailearen aurpegia Igor Agirre 2014ko azaroaren 13a

HGZren errekargua kentzea ere proposatzen dute Kepa de la Iglesiaren udal taldetik.

Datorren urteko tasak eta ordenantzak erabakitzeko plenoan izango duen jarrera zein izango den jakinarazi die Anoetako EAJak komunikabideei. Anoetako alkateari «ahalik eta azkarren plenoa deitzeko» eskatu diote Anoetako EAJren udal taldetik.

Alderdi jeltzaletik jakinarazi dutenez, tasen izozketa eta «etxe hutsa» bezala izendatuta daudenek ordaindu beharreko HGZren %50eko errekargua kentzea defendatuko dituzte udal taldeko kideek erabaki hauen inguruko batzarrean.

Momentu honetan EAJren bozeramale eta alkatetzarako hautagaia den Kepa de la Iglesiak «krisi garai hauetan anoetarren bizkarrera zama gehiago ezin dela bota eta lehentasun nagusia udalaren gastu arrunta murriztea izan behar duela» irizten du komunikatuan.

Etxebizitza hutsei dagokien HGZri begira hau kentzeko eskaria egingo du legealdi honetan oposizioan diharduen alderdiak «ez duelako balio izan etxebizitza hauek salgai edo alokairuan jartzeko». Honela, Bildu koalizioa indarrean dagoen hainbat herritan errekargurik ez dagoela ere gogorarazi dute Anoetako EAJko kideek eta eta Errenterian «ezartzetik kentzera» ere pasa direla.

Herriko ordezkari jeltzaleek erabaki hauek anoetar guztiek eskertuko lituzketela ere esan dute, udal gobernuak «atez atekoa hobetzeko alferrikako» inkestak egiten «dirua ez gastatzearekin» batera, adibidez.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!