Hemengo eta hango garagardoak IV. Urrifest-en

Igor Agirre 2014ko urr. 24a, 12:18

Larunbat arratsaldetik aurrera garagardoa dastatzeko aukera paregabea, Anoetan

Urtero moduan iritsi da Anoetako Gazte Asanbladak antolatzen duen Urrifest udazkeneko festa. Garagardozaleek aukera ezin hobea izango dute larunbat arratsaldetik aurrera beraien egarria asetzeko.

Dagoeneko laugarren ediziora iritsi da Anoetako Gazte Asabladak antolatutako garagardo jaia. Ohiko moduan, Euskal Herrian egindako hainbat garagardo etxeren edariak dastatzeko aukera izango dute gerturatzen direnek, Euskal Herriaz kanpoko beste garagardo etxe gonbidatuen produktuekin batera.

Aurtengo Urrifest-en bi euskal garagardo izango dira. Lehengo urtean hiru euskal garagardo izan ziren festan eta aurtengoan horietatik bi mantenduko dira. Garagardo marka gonbidatuetan, aldiz, gonbidatu bakarra izan zen pasa den urteko edizioan eta aurten bi garagardo etxe gonbidatu izango dira. Lau garagardo etxeren edaria dastatzeko aukera izango da aurten ere, 2013. urtean bezalaxe.

Etxeko Bob's Beer Hazparneko garagardo etxea eta Urdulizko Etxeandia garagardoa izango dira euskal garagardoen ordezkariak Anoetako plazan 18:00etatik aurrera izango den festan. Hauekin batera gonbidatu diren beste garagardo etxeak Belgikarrak dira, Grinbergen eta Judas etxeak, hain zuzen ere.

Anoetarrek eta bertaratzen diren guztiek, beraien egarria asetzeko aukera ezin hobea izango dute herriko plazan. Antolakuntzakoek pitxarra etxetik ekartzeko deia luzatu dute. 21:00etan, edandako garagardoari laguntzeko, tripa betetzeko ordua izango da Anoetako gaztetxean eta festa amaitu nahi ez duenak kontzertuekin eguna luzatzeko aukera izango du. Voltaia eta Anoetarock taldeak izango dira gaztetxeko taula gainean 23:00etatik aurrera eta kantatzea gustuko dutenek karaokea izango dute ondoren.



  Egitaraua

IV. URRIFEST

18:00. Garagardo festa plazan:

· Etxeko Bob's Beer (Hazparne).

· Etxeandia (Urduliz).

· Grimbergen (Belgika).

· Judas (Belgika).

21:00. Afaria gaztetxean.

23:00. Kontzertuak: Anoetarock eta Voltaia.

Ondoren. Karaokea.

Pitxarra etxetik ekartzeko eskatu dute antolakuntzakoek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!