Egun ederra igaro zuten Anoetako Herri Ikastolako ikasleek igandean Orion. Kilometroak festako Erronkan parte hartu zuten, eta emaitza ezin hobea lortu zuten: garaipena.
Gipuzkoako hainbat ikastolen arteko lehiaketan Anoetako Herri Ikastola ordezkatu zuten ikasleak Eneida Saldias, Maria Lasa, Ane Urkola, Marina Etxarri, Asier Colas, Oier Huici, Gorka Lasa, Eki Apeztegia eta Koldo Colomo izan ziren. Ikastolakoen bi kapitainak Maider Mendizabal eta Xabi Tolosa pilotariak izan ziren egun guztiko probetan zehar.
Goizean goiz abiatu ziren taldekide eta kapitainak Anoetako plazatik autobusean Oriorantza, beste 40 lagunen babesean. "Ia berandu iritsi ginen, Xabi Tolosa korrika batean joan zen plazara" azaldu du Maider Menziabal pilotariak, taldeko beste kapitainak.
Euri artean jokatu zen kapitainen proba. Txukun aritu ziren kapitain anoetarrak eta bosgarren tokian amaitu zuten parte hartu zuten hogei ikastolen artean. 11:00etan puntuan hasi zuten Erronkaren lehen proba eta garaile izan ziren Anoetako ikasleak. Bigarren proba mosaikoaren izan zen Anoeta eta Irurako gazteentzat, eta ostiraleko entrenamenduan proba honi zioten beldurra galdu ostean sailkatu ziren Orioko Erronkaren finalera.
Ez zen ondo hasi finala Anoetako Herri Ikastolakoentzat, eta hirugarren iritsi ziren txanda aldaketara. Ondorengo txandan, zuten tartea jan eta lehen postuan jarri ziren ikastolakoak, Tolosako Laskoraingo ikasleen aurretik tarte handiarekin. Azken tirolinan lehendik zuten tartea baliatu zuten anoetarrek eta ikurrina jaso ondoren lehenengo iritsi ziren Anoetakoak. Ikurrina astinduz ospatu zuten garaipena. Tolosarrek, berriz, hirugarren lekuan amaitu zuten.
Gaur arratsaldean oraindik pozez txoratzen ziren bederatzi ikasleak. Omenaldi sorpresa egin diete, agurra dantzatu ondoren, bizitako esperientzia kontatu dute: "Animatu zaitezte datozen urteotan, primeran pasatzen baita" azaldu dute guztiek.


