Anoetako EAJk atez atekoaren inkesta "burla" bat dela dio

Ataria 2014ko urriaren 6a

Anoetarren gehiengoaren borondatearen bidetik akordioa bilatzeko prest azaldu da Anoetako EAJ eta atez ateko sistema albo batera uzteko eskatu diote alkateari.

Anoetako EAJren udal taldeak “burla eta zentzugabekeria” dela esan du, udal tekniko batek herriko familiak bisitatuz, martxan jarri den atez atekoaren inguruko inkesta berria.

Kepa de la Iglesia bozeramaile eta datozen hauteskundeetarako EAJren hautagaiak bere harridura agertu du ekimen hau inongo batzorde edo plenotan aztertu ez delako.

Mankomunitateak sistema hobetzeko helburuarekin urtearen hasieran egindako inkesta gogora ekarri dute jeltzaleek. Anoetan banatu ziren 795 inkestetatik 74 erantzun soilik jaso zirela azpimarratu du Anoetako EAJk, herritarren %9ak, alegia. Inkesta honen emaitzekin udal gobernuak ondoriorik atera ote ez duen galdetzen dute herriko jeltzaleek. 455 anoetarrek, bere sinaduraren bidez, hondakinen bilketa sistemari ezezkoa eman ziotela ere gogorarazten dute.

Honekin batera, udal zerbitzuko ibilgailua lurrean uzten diren zabor poltsak biltzen dabilela ere salatu dute jeltzaleek. De la Iglesiak aztertu duenez, bilketa lanak ez dagozkie udal langileei, mankomunitateko zerbitzuei baizik. Bilketa ere egiteagatik, urte beteko epean udala mankomunitateari "140.000 euro ordaintzetik, 170.000 euro ordaintzera" pasa dela ere esan du herriko EAJren hautagaiak.

Anoetarren gehiengoaren borondatearen bidetik akordioa bilatzeko prest azaldu da Anoetako EAJ eta atez ateko sistema albo batera uzteko eskatu diote alkateari.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!