Anoetako alkategaia aurkeztu du EAJk

Ataria 2014ko irailaren 26a

Kepa de la Iglesia izango da datorren urteko udal hauteskundeetako zerrendaburua EAJ alderditik Anoetan. Pertsonak eta haien duintasuna eta ongizatea azpimarratu ditu alkategaiak priektuaren ardatz nagusi moduan aurkezpenean.

Aurreko udal hauteskundeetan zerrendaburua izan zen Kepa de la Iglesia eta maiatzeko hauteskundeetan ere bera izango da alkatetzara aurkeztuko den pertsona EAJ alderdiaren partetik. Anoetako EAJko kideek aho batez onartu dute de la Iglesiaren hautagaitza eta Rafael Uribarrenek, Anoetako EAJren presidenteak, aurkeztu du bere hautagaitza. De la Iglesiaren perfilaren inguruan bere "zuzentasuna, seriotasuna eta akordioak lortzeko duen eskua" azpimarratu ditu Uribarrenek.

"Ilusioz, gogoz eta erantzukizunez" hartzen duen erronka moduan definitu du Kepa de la Iglesiak Anoetan zerrendaburu izateko erantzukizuna eta azken urte hauen ondoren Anoetak aldaketa bat behar duela gaineratu du. Lantalde bat osatzen ari da momentu honetan EAJko alkategaia alderdiak martxan duen Anoeta Prest ekimenaren barruan, herritarren ekarpenak jasotzeko. Gaur egun, Anoetako udalean EAJren udal taldearen bozeramailea da Kepa de la Iglesia.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!