Irailaren 19ra arte izen ematea irekita dantzan eta pilotan

Tolosaldeko Ataria 2014ko ira. 17a, 10:11

Urria proba gisan izango da ikastaroetan eta irailaren amaieran hasiko dira klaseak.

Anoetako Anitz dantza taldeak ikasturte berrira begira ikastaroak antolatu ditu. Euskal dantzak ikasiz eta dantzatuz etxeko txikienetatik hasita helduenentzat ere izango dira dantza ikastaroak. Klaseak irailaren 29an hasiko dira eta urria proba gisan erabili ahal izango dute animatzen direnek.
Txikienak hiru taldetan banatuko dira. Gaztetxoenek, hiru eta lau urte bitartekoek(HH1 eta HH2), astearteetan izango dituzte entseaguak 17:15etatik 18:15etara Anoetako kiroldegian. Bost eta sei urtekoek(HH3 eta LH1), astelehenetan izango dituzte saioak 17:15etatik 18:15etara kiroldegian. Azkenik, zazpi, zortzi eta bederatzi urteko haurrek (LH2,LH3 eta LH4), ostegunetan izango dute hitzordua 17:15etatik 18:15etara, hauek ere kiroldegian ikasiko dituzte euskal dantzak.
Adinean helduagoak diren hamar, hamaika eta hamabi urteko gaztetxoenek (LH5etik DBH2ra), asteazkenetan izango dituzte dantza entseguak 17:15etik 18:30era auditorioan. Gazteek eta helduek ere dantza ikastaroetan parte hartu ahal izango dute. Gazteek astearteetan entsegatuko dute 20:30etik 22:00etara auditorioan. Helduek, berriz, azteazkenetan izango dituzte saioak auditorioan 20:00etatik 21:30era. Hasi berriak diren helduek ere dantzan hasteko aukera izango dute eguberriak bitarte Anitz dantza taldearen eskutik, asteazkenetan 17:00etatik 20:00etara izango dituzte euskal dantzak ikasteko hitzorduak.
Aurtengo ikasturterako izen emate epea irailaren 19ra arte zabalik dago, parte hartu nahi duenak udaletxean edo liburutegian du izena emateko aukera. Ekainean apuntatu zirenek, ez dute orain berriro ere apuntatu beharrik izango. Dantza ikastaroak irailaren 29an hasiko dira eta urrira arte proba moduan izango dira entseguak.
Dantzara animatzen diren txikienek, hiru urtetik bederatzi urtera bitarteakoek, alegia, 65 euro ordaindu beharko dute ikasturte osoa. Hamar urtetik hamabi urte bitartekoek, ordea, 80 euro ordaindu beharko dituzte denera ikasturtearengatik. Gazte eta helduen ikastaroek 95 euroko prezioa dute aurtengo ikasturtean eta hasi berriak diren helduek 25 euroko kuota izango dute dantzan hasteko.
Pilota eskola ere martxan
Ikasturte berrira begira pilota eskola jarri du martxan Anoetako Udalak. Astearteetan izango dira entrenamenduak eta asteko saio bat egingo dute pilotariek irailaren 30etik aurrera. Lau kategoria desberdinetako pilotariek izango dute kirol hau praktikatzeko aukera pilota eskolari esker.
Aurrebenjaminek 45 minutuko saioa egingo dute. Pilotaren ezaugarrien ezagutza lortuko dute joko desberdinen bitartez. Benjaminek, esku pilotako ordubeteko saioa egingo dute eta txapelketa eskolarrean parte hartzeko aukera izango dute. Alebinek, esku pilota eta paletaren hastapen saioak egingo dituzte. Eskuz, paletaz edo bietan parte hartu ahal izango dute txapelketa eskolarrean. Pilotari infantilek eta kadeteek astean ordubeteko saioa izango dute pilotan edo paletan. Gipuzkoako eskola arteko paleta txapelketan parte hartzeko aukera izango dute infantil nahiz kadeteek aurtengo ikasturtean.
65 euro ordaindu beharko dute ikasturte osoarengatik pilota eskolan izena ematen dutenek. Irailaren 19 arte irekita dago izen emate epea udaletxean edo liburutegian. Urria proba gisan izango da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!