Osasunari laguntzeko parkea Anoetara iristear

Erabiltzailearen aurpegia Igor Agirre 2014ko ira. 12a, 13:53

Urtea amaitu aurretik osasun parkea eraikiko du udalak foru aldundiko diru laguntzei esker. Lau kokalekuren artean eztabaidatzen ari dira orain.

Urte hasieratik udalak duen egitasmoa da anoetarrei osasun parke bat eskura jartzea. Eskualdeko hainbat herritan topatu ditzakegu mota honetako parkeak, hala nola, Ibarran eta Villabonan badauzkate horrelako parkeak.

Gipuzkoako Foru Aldundiak honelako baliabideak egiteko ematen dituen diru laguntzei esker izango da posible Anoetan osasun parkea egitea. Asteartean bilera irekia egin zuen udalak herritarrekin etorkizuneko parkearen kokalekua zehazteko asmoarekin.

Bertara, Anoetako erretirodunak gerturatu ziren gehien bat, eta udalak pentsatuta zituen lau kokalekuen berri eman zien bilerara azaldutakoei. Kokalekuen artean zeuden Iturtxulo ingurua, ikastolara bidean dauden etxe berrien arteko plaza, kiroldegiaren atzeko aldea eta herriko plaza eta futbol zelaiaren arteko lekua.

Astearteko bilerara gerturatu ziren herritarrek aurreko aukerak baloratu ondoren, osasun parkea eraikitzeko beste kokaleku posible bat proposatu zuten.

Erretirodunek parke berria beraien lokalaren ondoan jartzea proposatu zuten eta udalak kokaleku hori ere baloratuko du parkea eraiki baino lehen. Herritarrek proposatutako lekua aztertzeko asmoa erakutsi zuen udalak bilera eta gero. Kokaleku horren azpian garajeak daude eta osasun parkea bertan eraikitzea posible den ala ez oraindik ikusteko dago. Hala ere gustura azaldu dira udaletik jendearen parte hartzearekin.

Osasun parkea eraikiz, adinekoentzat egokitutako parke esklusibo bat lortuko du Anoetak. Parkean, adinekoentzat egokitutako aparatuak egongo dira. Hala ere edonork erabiltzeko modukokoak dira osasun parkeak, goiko eta beheko gorputz-adarrak eta gorputz-enborra lantzeko ariketak egin baitaitezke bertan.

Foru aldundiaren laguntzarekin
Gipuzkoako Foru Aldundiari osasun parkea eta skate pista eraikitzeko diru laguntza eskatu zuen udalak. Iruran skate pista eraiki dutenez, Anoetan proiektu hau atzera botatzea erabaki dute.

Osasun parkea eraikitzeko diru laguntza eskaerari baiezkoa eman berri dio foru aldundiak eta urtea amaitu baino lehen egin beharko du Anoetako Udalak parkea. Kokalekua finkatzea soilik falta da proiektua errealitate bihurtzeko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!