Alkizarako errepidean aurkitzen zen Anoetako garbigunea itxita dago irailetik aurrera. Hamarkada bat baino gehiago zeraman irekita garbiguneak eta edonori etxeko tresnak bertan utzi eta sailkatzeko aukera eskaintzen zuen.
Irekita mantendu bada ere, azken urteetan ez da harrera eta laguntza zerbitzurik eskaini Tolosaldeko Mankomunitatearen aldetik. Anoetako garbigunea kokatuta zegoen eremuak zituen ezaugarri eta tamainarengatik ez da herritarrentzako arreta zuzenik egon bertan.
Andoaingo eta Tolosako garbiguneetan langile bana ditu mankomunitateak bertara joaten den herritarrari zerbitzuaren inguruko laguntza eskaintzeko. Alkizako errepidean aurkitzen zen garbiguneak ez du mankomunitateko langilerik izan lan honetarako. Arrazoi hauen ondorioz, garbigunearen erabilera ez da mankomunitateak nahi izan duen modukoa izan.
Garbigune honetan jasotzen zen material ez-birziklagarriaren kopurua handia zen eta jasotako material guzti honen tratamenduaren kostuaren igoera nabaria zen. Honenbestez, Mankomunitateko Batzarraren oniritzia jaso ondoren, hondakinak jasotzeko Anoetako gunearen itxiera gauzatu zen abuztua amaitu baino lehen.
Herritarrei deia
Anoetatik Alkizarako bidean zegoen garbigunea erabiltzen zuten eta erabili izan zuten herritarrei Tolosako San Blas auzoan edota Andoaingo Leizotz industrialdean dauden garbiguneak erabiltzeko deia egin dute Tolosaldeko Mankomunitatetik, bi zentro hauek herritarrentzat guztiz irekita baitaude astelehenetik larunbatera bitarte.
Aipatutako bi zentro horietan hamabi hondakin klase desberdin sailkatu daitezke. Birziklagarriak diren hondakin horiez aparte, hamalau hondakin arriskutsu ere banatu eta eraman daitezke San Blas auzoko eta Leizotz industrialdeko garbiguneetara.
Garbiguneak
ORDUTEGIA
Tolosako garbigunea eta Andoaingo garbigunea. Astelehenetik ostiralera 09:00etatik 12:30etara eta 16:00etatik 19:00etara. Larunbatetan 09:00etatik 13:30etara. Igande eta jaiegunetan itxita.