Julen Apezetxea: «Nire lana bakoitzarentzat une egokian, soinu egokiak aurkitzea da»

Maier Ugartemendia 2014ko ira. 4a, 09:00
Julen Apezetxeak soinu meditazioari lotutako bi saio eskainiko ditu

Anoetako Udalak soinu meditazioen saio irekiak antolatu ditu irailaren 6an eta 20an, 10:00etatik 11:30era kiroldegian. Saioak dohainik izango dira, eta interesa duenak izena eman beharko du biharko, udaletxean (goizez) edo liburutegian (arratsaldez). Lehen bi saio hauek soinu meditazioa bera zer den ezagutzeko izango dira, baina aurrera begira ere Julen Apezetxea irakaslea astero izango da Anoetan jakintza hori zabaltzeko. Apezetxeak Kanadako Gizarte Zientzia Integralen Institutu Internazionalean  ikasi zuen; boluntario eta irakasle gisa ere aritua bertan.

Zer da soinu meditazioa?
Lehenik meditazioa zer den azaldu behar da. Meditazioa hausnarketa momentu bat da, norberak bere barneko sentimendu eta pentsamenduak aurrez aurre ikusteko. Honek  berriz gure zentrora etortzea dakar. Askotan egunetan, asteetan edo bizitzan zehar gure bidea galdu egiten dugu. Meditazioa bide hori argitzeko modu bat litzateke. Benetan zer nahi dugun meditatzen ez dugunean, ez ditugu guk benetan nahi ditugun erabakiak hartzen. Orduan etortzen dira gaixotasunak edo bestelako arazoak. Horregatik, meditazioa alde batetik aurretik neurriak hartzea da, eta bestetik, baita sentimenduak, pentsamenduak edo emozioak sendatzea ere.

Soinu meditazioak zer berezitasun du?
Soinuak beste indar bat ematen dizu. Konexio azkarrago edo potenteago bat. Adibide erraz bat: soinurik gabeko pelikula bat ikustera joaten bazara, efektua ez da berdina. Hollywoodeko adituek diote pelikula bateko %90eko efektua soinuarena dela. Nire lana bakoitzarentzat eta une egokian soinu egokiak bilatzea litzateke. Honela, energia mugitzea eta giroa sortzea bakoitzak bere barne lan hori egin dezan.

Horretarako zer nolako soinu motak erabiltzen dira?
Nik instrumentu tradizionalak erabiltzen ditut. Gure arbasoek erabiltzen zituzten danborrak, intuitiboki ateratzen diren ahotsak. Momentu horretan nire burua irekitzen dut energetikoki pertsona edo talde horretara, eta momentu horretan talde edo pertsona horrek behar duen bibrazioa soinuan bihurtzen da. Meditazioaren barruan zaudenean ideia edo pentsamendu asko etortzen dira, zure gorputzak edo arimak eskatzen dizkizunak. Bide horretan errazago bidaiatzeko modu bat litzateke. Soinu motei dagokienez, tradizio eta kultura ezberdinetako lanketa egiten dut; bai Txamanikoak, Peruko Keroak, Estatu Batuetako amerikar natiboen tradizioak, Tibet eta Indiako teknikak... Hori kontuan hartuta hemengo tradizioa eta jakinduria zabaltzea da nire lana.  

Saio hauetan tekniken bitartez nola egin ikasi ahal izango da?
Saio hauetan lehen zatia teknikak azaltzea izaten da. Eta jarraipena dutenean, jendeak bere egoera azaltzen du eta nik horren araberako meditazio bat prestatzen dut. Informazioa guk sortzen dugun energiatik eta bibrazioetatik lortzen da. Kanal horretara irekitzen bazara ikasleak askotan ez du hitzegin beharrik ere.

Zenbait kasutan emozioak ateratzeak pertsonengan beldurra sortzen al du?
Arlo horretan egoera eroso bat sortu behar dut. Nik hitz egiteko modua edo jendea zaintzeko modua oso garrantzitsua da. Hain intimoak diren pentsamendu edo emozioak lantzeko ezin gara Donostiako plazaren erdian biluzik egongo bagina bezala egon. Terapeuta edo maisu batekin aldetik arlo intimoak lantzera datozen pertsonei errespetua erakutsi behar diet.

Teknika hauek lantzen ikasi daiteke?
Bai, noski. Denak gizakiak gara eta denok dauzkagu emozioak lantzeko. Denok bide ezberdinetatik gauza berak ikasten goaz: behar ez ditugun gauzak askatzen eta bizitzaz gero eta gehiago disfrutatzen. Gure burua zenbat eta gehiago ezagutu, orduan eta gutxiago gutxiago kostatzen zaigu egoeretara moldatzea. Meditazioa eta soinuaren bidez egiten da lanketa hori, eta norbere zentrora etortzen gara.  Gure zentrotik kanpora gaudenean zailagoa da gure inguruan zer gertatzen den konturatzea. Adibidez, tornado baten zero puntuan bazaude bertan ez dago mugimendurik eta ikusi dezakezu zer gertatzen den inguru guztian. Zentrotik ateratzen bazara zurrunbiloan bueltaka hasten zara. Zenbat eta urrutiago joan zailagoa da non zauden jakitea. Gure gorputzaren sistema energetikoa zurrunbilo handi bat da, gure gorputzaren erditik ardatz bat pasatzen da, eta zu zenbat eta zentrorago etorri, orduan eta egonkorrago zaude.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!