Anoetako ikasleen bisita

Ataria 2014ko maiatzaren 28a

‘Tolosaldeko Ataria’-n izan dira Anoetako Herri Ikastolako prentsa tailerrako ikasleak

Anoetako Ikastolako ikasleen bisita jaso zuen atzokoan Tolosaldeko Ataria-ko lan taldeak. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 3 eta 4. mailako ikasleak izan ziren.
Arratsaldeko hiruretarako erredakzioan ziren Urko Colomo irakaslearen gidaritzapean. Lehenik eta behin, erredakzioa ezagutu zuten, eta jarraian, prentsa tailerrean ikasitakoa praktikan nola jartzen dugun ikusi eta jakin nahi izan zuten. Etxeko lanak eginda ekarri zituzten eta galdera mordoa egin zizkieten arduradunei: Nola antolatzen garen, zergatik eta noiz erabaki zen Tolosaldeko Hitza egunkaria, Galtzaundi aldizkaria eta Txolarre irratia elkartzea, lan taldea nola osatzen den, kazetarien lana zein den, ...  
Ikasleek eta irakasleak era, hiru hilean behin egiten duten astekariaz hitz egin zuten.
Interneteko www.ataria.info webgunea nola elikatzen den, egunkariko zortzi orriak eta astekariko 32ak nola osatzen diren, edota Ataria irratiko saioen inguruko informazioa jaso ahal izan zuten.  
Irratian nola lan egiten den ere bertatik bertara ezagutu zuten, irratsaioan parte hartuz. Ikasleak taldeka pasa ziren mikrofonoen aurretik, eta datorren asteartean Ataria irratian, 107,6 fm-an, emitituko da atzo grabatutakoa, 12:30etik aurrera, Atariako komunitateari eskaintzen zaion saioan.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!