Gutuna: Eskerrik asko, amona

Olatz Peñagarikano 2014ko maiatzaren 26a

Mundu erdiarentzat ez bezala, gure familiarentzat iragan igandea ez zen  europar hauteskundeen egun ospetsua izan. Guretzat maiatzaren hogeitabostgarrena gure ama eta amona Felisari lur eman genion eguna izan zen.

Lehengo belaunaldien gisara, ez du ez lan gutxi egin gure amonak. Emazte, ama eta azkenik amona, beti ingurukoak zaintzen ibili da, etxekoak mimatzen. Halabeharrez, azken hiru urte eta erdian gertukoenek zaindu dute bera, maitasun miresgarriz, medikuen aurreikuspen guztiak gaindituz.

Gure amona ezagutu zutenek jakingo dute azken urteak gurpildun aulkian egin zituela, mugitzeko gaitasunik gabe. Kanpotik begiratuta tristura eragin  lezake, eta gezurra esango nuke ingurukoen  erruki zantzurik nabaritu ez dugula esango banu, baina gure amonak bere dependentzia eta guzti, bizitza erosoa eraman du azken arnasaldi arte. Gorputza antzu geratuko zitzaion, baina ezerk ere ez zion kendu bere umore bizia, bere ateraldi bitxiak eta hizketarako gogoa. Une ederrak oparitu dizkigu,  eta hori ondotxo dakigu bai guk eta baita bere zaintzaileak ere, amonaren “aingeru guardakoak”.  Izebak ezin hobeki ipini zion titulua, horixe izan baita, zerutik eroritako aingerua.

Baina gure amonak zerbait lortu badu, gure familia oraindik eta elkartuago egotea izan da,  ezbairik gabe.  Seme-alaba  bakoitzak bere denbora eta dedikazioa eskaini dio amari, eta harro esan dezaket inoiz ez dudala keinu itsusirik ikusi. Felisa beti izan baita eurentzat mundura ekarri zituen ama, eta ez zama.

Horrelako gauzak pentsatzeko astia eman zidan tanatorioan nengoen bitartean. Agian bihotza bigunduta nuelako izango da,  baina inoiz ez nuen sentitu hainbeste familiaren berotasuna eta garrantzia. Elkartean egin ohi ditugun otorduez gogoratu nintzen orduan. Niretzako oso bereziak dira, urteak aurrera egin ahala oraindik hor gaudela adierazteko keinu bat, familia familia dela, odola beti odol.

Atzo aspaldian isuri gabeko malkoak isuri nituen. Eta eliz kontuak urruti xamar geratzen zaizkidan arren, atzo sinestuna izatea desiratu nuen osabak bertso horiek abestu zituenean. Seguru baitnago amona pozik egongo zela  senarra eta semearekin elkartzeko itxaropen ederrean.

Berak utzitako hutsunea lau hormaz haratago doan arren, bihar ere argituko du egunak. Bitartean harro eramango dugu berak utzitako abizena.

Eskerrik asko, amona.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!