Herritarrekin elkarlanean

Maier Ugartemendia 2014ko api. 11a, 12:28
Anoetako Udalak auzoetako herritarrekin bilerak egin ditu, herritarren nolako herria nahi duten erabakitzeko; 100 herritar baino gehiagok parte hartu dute

Anoetako udala herritarrekin elkarlanean parte hartze prozesu batean murgilduta dabil azken asteetan. Pello Estanga Anoetako alkateak «parte hartze prozesuetan» sinesten du, izan ere, horrela herritarrak «aktibatzea eta motibatzea» lortzen dela uste du.


Urrian hasi zen prozesua. Orduan, egungo udaltaldeak bi urte inguru zeramatzan udalean eta herritar guztiei egindako lanaren balorazioa eta aurrera begirako proposamenak egiteko galdetegia helarazi zieten. Hau ez da, hala ere,  anoetarren parte hartzea bilatu den lehen aldia. Jendearen parte hartzearekin landu baitira jada herrian egindako zenbait aldaketa: «hondakinak, kiroldegiaren funtzionamendua, trafikoko aldaketak...».


Martxoan eman zieten hasiera, berriz, gaur bertan, landa eremuko herritarrekin, amaituko diren auzoetako bilerei. Jada 100 lagunetik gora izan dira parte hartu dutenak, eta Estangaren esanetan «oso aberatsak» izan dira, gainera. Bilera hauek «asko aportatzen» dutela uste du eta herritarrei azpimarratu nahi diete horiek direla «eztabaidatzeko guneak». Auzo bakoitzeko arazoak hobeen bertan bizi direnek ezagutzen dituztenez, bilerak auzoka egiten ari dira.


Bileretan gai orokorrak eta auzoetako bitxikeriak atera dira. Argiteriari dagokionez, herritarrek «herri osora zabaltzeko» eskaera egin dute. Jada diru laguntzak onartu dizkiete eta aprilean hasiko da herri osoa argiztatzeko bigarren fasea.  Auzokonposta izan da beste gaietako bat. Orain arte bi gune zeuden herrian, baina, auzo bakoitzean bat jartzeko aukera eskaini da, «ahalik eta organiko gehien herrian kudeatzeko» eta porposamen honek harrera oso ona izan zuen. Trafikoa izan da aipatu den beste gaietako bat. Iaz egindako norabideen aldaketekin herritarrak «gustura» daude, eta orain segurtasunagatik herriaren sarreran dauden bi zebrabideen artean baranda bat jartzea erabaki dute. Segurtasunari lotutako beste iradokizun bat ere egin dute herritarrek; hain zuzen, trenbidearen ondoan eta zubi azpian dagoen bidea egokitzekoa, eta orain udala Diputazioarekin jarriko da harremanetan berea baita ardura.


Bestalde, udaleko ordezkariek bilera hauek probestu dituzte herritarrei jakinarazpenak emateko: «bandera espainolaren auzia, hizkuntza irizpidearena, osasungintzari dagokiona, aurrekontuak, inbertsioak...».
Gaurko bileraren ostean, akta guztiak esku artean izango dituzte eta bakoitza aztertu ondoren herritar guztiei «erantzuna» emango zaie. Izan ere, herritarrek bilera hauetan egindako iruzkinak «aurrera ematen» direla ikustea nahi dute. Jendearen parte hartzea «beharrezkoa» dela eta ondorioak dituela nabarmendu nahi baitute.


Estanga alkateak zinegotzien «konpromisoa» eskertu nahi du. Gehienbat larunbatetan, egin diren bilera hauetan lanean aritzeko «prestutasun osoa» erakutsi dutelako, eta lan honen balioa «aitortzea» beharrezkoa delako.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!