Parekidetasun Hilabetea gaztetxeko urteurreneko ospakizunen barruan

Maier Ugartemendia 2014ko mar. 7a, 10:04
Anoetako gaztetxearen XV. urteurrena ospatzen ari dira aurten eta hori dela eta otsailetik apirilera bitarte, hilabete bakoitzean gai ezberdin bat lantzen ari dira. Otsailean, Desobedientzia Hilabetea antolatu zuten. Eta martxoan, Emakumearen Nazioarteko Egunarekin bat eginik, Parekidetasun Hilabetea antolatzea erabaki dute. Gauzak honela, martxoan zehar emakumearekin eta parekidetasunarekin lotura duten hainbat gai jorratuko dituzte.

Hilabete honetako ekimenei hasiera hilaren 5ean, asteazkenean, eman zioten, Indomables, una historia de mujeres libres dokumentala eskainiz.

Hurrengo zita, astelehenean bertan izango da, 21:00etan. Ainhoa Agirreazaldegik bertsolariak Errimak umorez: zeri egiten diogu barre? hitzaldia eskainiko du.

Hilaren 16an, igandean, La Mona Lisa filma eskainiko dute, 18:00etan. Eta hilaren 22an, larunbatean, Emakumeak eta musika solasaldia izango da Emarocken eskutik. Emakumeak musika munduan betetzen zuen lekuaren inguruko hausnarketatik abiatu zen Emarock proiektua. Eta egun, Euskal Herrian batez ere, musikan aritzen diren emakumei protagonismo eta espazio bat ematea du helburu.

Hilabeteari amaiera emateko, hilaren 28an, ostirala, 23:00etan Desira eta Gose taldeen kontzertuak izango dira. Eta hurrengo egunean, larunbatean, 16:30ean Parekidetasun tailerra eskainiko dute Ernai gazte antolakundearen eskutik.

Honenbestez, Anoetako gaztetxetik dei egin dute ekimenez beteta datorren Parekidetasun Hilabete honetan parte hartzeko. Eta gonbitea zabaldu dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!