Herritarrak dantzak eta sokak lotuta

Maier Ugartemendia 2014ko otsailaren 21a

Larunbatean Dantza Soka eguna ospatuko dute Anoetan.

Dena prest dute jada Anoetako herritarrek bihar beraientzat hain berezia den Dantza Soka eguna ospatzeko. Dena ondo atera dadin, dantza entseguak egiten aritu dira azken egunetan, tartean Jon Otegi aurreskularia eta Koldo Aldabe atzeskularia; izan ere, aurten mutilei egokitu zaie aurreskulari eta atzeskulari lana egitea. Biek errepikatu egingo dute aurten. Hamalau eta berrogeita hamabost urte bitarteko hogeita hamasei herritarrek parte hartuko dute.

Aurreko urteekin alderatuta aurten parte hartzea txikiagoa izango dela eta kezkatuta daude antolatzaileak. Aurreskulariaren eta atzeskulariaren aukeraketan ere horrek zeresana izan du, «gu herriko dantza taldean ibiltzen gara eta dantzak badakizkigunez eta berriek ikasteko denborarik ez zegoenez, guk egitea erabaki zuten» Otegik azaldu bezala. Hala ere bertaratzen direnek, «festa» giroaz gozatzeko aukera izango dute.

Izan ere, Aldabek azpimarratzen duen moduan «Dantza Sokan parte hartu behar duzu egun osoko jaiaz disfrutatzeko, gainerakoan ikusle gisa ez duzu parte hartzen festa honetan». Honegatik guztiagatik, datorren urtean herritarrak dantza sokan parte hartzera «animatu» nahi dituzte. Nolanahi ere, guztiek primeran igaroko duten eguna izango da zalantzarik gabe.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!