Babesean jolasteko gunea

Imanol Garcia Landa 2014ko ots. 20a, 10:07
Osinzulo elkarteko hainbat kide, lokalean.
Haur txikien aisialdirako arazoetako bat espazio faltak dira, batez ere eguraldi desatsegina dagoenean edo neguan hotza egiten duenean. «Anoeta udarako herri polita da baina negurako ez du ezer, ez du aterperik», dio Ainhoa Gabirondok, Osinzulo guraso elkartea martxan jarri zuten kideetako batek. «Frontoia dago, baina hori ezin da kontuan hartu, erabilerarako besteak beste bere ordutegiak dituelako. Beraz, ikastolatik etxera joateko ia beste aukerarik ez».

Orain bi-hiru urte udalak bilera batera deitu zien herriko gurasoei, beren beharrak zehazteko. «Bilera horretan bi gurasok bota genuen haur txikientzako espazio bat izateko beharra ikusten genuela», esan du Gabirondok. Lokal bat hutsik zegoela azaldu zuten, eta Urnietara ere joan ziren haur txikientzako jarritako espazio bat ikustera. Ideia horretatik abiatuta, eskaera aurkeztu zuten, aurrekontu eta guzti, eta horrela sortu zen Osinzulo gurasoen elkartea.

Herrian 0 eta 5 urte arteko haur pila bat daudela diote, eta espazio baten beharra zegoela diote: «Haur liburutegira joan daiteke, baina han ezin da jolastu eta haur txikiak isilik egotea zaila da».

 



Auzolanean berrituta

Lokala Iturburu kalean dago eta Anoetako Herri Ikastolarena da. Urtetik urtera ikastolak udalari ematen dio, hitzarmena berrituz, eta honek Osinzulo elkarteari. Aurretik ikastolak bi urteko gelarentzat erabiltzen zuen, baina zazpi urte zeramatzan erabili gabe.

Auzolanean egin zituzten berrikuntza lanak: margotu, garbitu, zenbait jostailu erosi egin ziren, beste batzuk herrian egindako deialdi bidez jaso ziren eta beste hainbat elkarteko kideek beraiek etxetik eramandakoak dira.

2013ko urtarrilean jarri zuten martxan. «Oso gustura gaude», dio Gabirondok. «Haurrek beraien lagunekin jolasteko aukera dute. Esaten zen ikastolatik, leku itxi batetik, atera eta beste leku itxi batera sartzea… Baina hemen joko librea egiten dute, arauekin baina beren kasa, eta lagunekin daude, ez etxean bakarrik jolasten».

Erabilera arauak ere badituzte, Jaxone Otegi elkarteko zuzendaritzako kideak azaldu duenez: «Ratioz 32 pertsona egon daitezke gehienez, helduak eta haurrak kontuan hartuta. Atean kontagailu bat jarrita dugu, eta lokalera sartzerakoan eta ateratzerakoan mugitu egin behar dugu». Kopuru hori gainditzen bada, denbora gehien daramatenak atera beharko lukete lokaletik, besteei lekua uzteko. «Hori gertatuz gero, gurasoak aterako ziren, ahal den haur gehien bertan egoteko», dio Otegik. Denera 27 familia dira eta guztira 40-45 haur daude. Kideen kopurua nahiko parean mantendu da martxan jarri zenetik.

Bost urte arteko muga jartzeak ere bere arrazoia du: «Hortik aurrera haurrak eskolaz kanpoko saioekin hasten dira. Bestalde, jolasteko moduak ere oso ezberdinak dira. Hilabeteko haurrak eta 4-5 urte dituztenak ez dute berdin jolasten».

Haurrak beti arduradun batekin

Lokalaren barruan hainbat espazio daude. Batetik, izkina batean oraindik ibiltzen ez diren haurrentzat egokitutako gune bat dago, lurrean zoru biguna duena. Oinez ibiltzen direnentzako lokalaren beste leku guztia dago, eta izkina batean mahaiak jarrita daude, margotu, puzzleak egin eta orokorrean eskulanak egiteko.

Garazi Goia zuzendaritzako kideak azaldu duenez, «kontuan izan behar da lokala ez dela haurtzaindegi bat, hau da, ezin duzula utzi haurra bertan eta joan. Beti egon behar da haurraren arduradun bat. Hori bai, gurasoen artean hitz egin dezakete, eta norbaitek enkarguren bat edo beste zerbait egin behar badu, haurra beste guraso baten ardurapean utzi dezake».

Osinzulo lokala ikastola irekita dagoen epean dago zabalik. «Udan eguraldi hobeagoa egiten du eta kanpoan egoteko aukera gehiago daude», diote. Astelehenetik ostiralera 16:30etik 20:00etara dago zabalik, eta asteburuan goiz eta arratsaldez. Familia bakoitzak 10 euro ordaintzen ditu elkartean sartzeagatik eta gero 50 euro urtero haur bakoitzarengatik. Udalak argia, ura eta segurua ordaintzen du.

Horrelako lokal bat izatea aukera ona dela diote. «Zizurkilgo guraso batzuk, adibidez, esan didate zortea dugula horrelako aukera bat izateagatik», dio Goiak. «Herri gehiago ere badaude ezer itxia ez dutenak, eta eguraldi txarra eginez gero etxera joan behar dutenak». Elkartea zabalik dago izena emateko. Udalak eskatzen duen baldintza da Anoetakoa izatea, edo haurra ikastolan edo haur eskolan izena emanda egotea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!