Trafiko aldaketak egin dituzte Anoetako herrigunean

Imanol Garcia Landa 2014ko urt. 14a, 19:11
Trafiko aldaketak egin dituzte Anoetan, hainbat kale norabide bakarrean jarriz, eta aparkaleku gehiago jarri dira. Pello Estanga alkateak nabarmendu duenez, «herritarren parte hartzearekin hartutako neurria izan da». Aldaketak arriskuak ekiditeko eta aparkaleku kopurua handitzeko egin dituzte.

Aldaketarekin, orain Anoetan hiru ‘irla’ moduko sortu dira. Horietako bat herriko plazaren inguruan da, hau da, Igarabide, Solkorre, Iturtxulo eta Sortalde kaleek inguratzen dutena. Bestea Hozpel ingurukoa da, hau da, izen bereko kalea eta San Juan kalea inguratzen dutena. Hirugarrena Idiakaitz ingurukoa, hau da, trenbidearen ondotik doan Igarabide kalearena eta San Juan kalearen artekoa.
Horrela, herriko plazaren inguruan, Solkorre kalea norabide bakarrean jarri da, eta bertan aparkalekuak baterian margotu dituzte. Ingurune horretan ere, Igarabide kalea noranzko bakarrean jarri dute eta aparkalekuak baterian jarri dituzte, horrela aparkaleku gehiago irabaziz. Bestalde, Iturburu kalea ezin da zeharkatu autoz alde batetik bestera, erdialdean  piboteak jarri baitituzte. «Neurri horrekin, batez ere haurrei pasabide seguru bat eman nahi zaie, herriko plazatik hasi eta ikastolaraino», azaldu du Estangak. «Autoak abiadura handian joaten ziren zenbaitetan kale horretatik, eta arriskutsua izaten zen. Gainera, hor ondoan, lokal bat atondu du osatu berri den guraso elkarte batek».

Herritarrak, "gustura"
Beste guneei dagokionez, trenbide ondotik doan Igarabide kalearen zatia Idiakaitz auzora joateko noranzkoan bakarrik utzi dute. Bertan ere aparkaleku gehiago izango dira, kalearen bi aldeetan aparkatu ahalko baita. Bestalde, Hozpel kalea ere noranzko bakarrean utzi dute, hau da, Igarabide kaletik eskuinera hartzerakoan.
Anoetako alkateak trafiko aldaketan herritarrek parte hartzea azpimarratu du: «Proposamen bat egin zuen udalak, bando bidez erakutsi genuena, eta gero herri batzar bat egin zen. Batzar horretan zenbait ekarpen egin zituzten herritarrek eta proiektuan txertatu dira. Egin diren aldaketekin gustura dago jendea». Dagoeneko neurri berriak martxan daude eta azken margotze lanak falta dira.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!