Udal lokal berrien erabilera zehazteko, herritarrei iritzi eske

Imanol Garcia Landa 2014ko urt. 9a, 16:46
Solkorre kalean egiten ari diren babes ofizialeko etxebizitzen eraikina; behe solairuko hiru lokalak izango dira udalarenak. I.G.L.
«Herritarren parte hartzea aberatsa da eta kultura hori bultzatu nahi dugu», dio Pello Estanga alkateak

Anoetako Udalak herritarren parte hartzearekin erabaki nahi du Solkorre kalean egiten ari diren babes ofizialeko etxebizitzen eraikinean izango diren udal lokalen erabilera. Horretarako hiru bilera ireki antolatu ditu, datorren astetik hasita, astero bana. Bilerak tailer modukoak izango dira, «dinamikoak eta parte hartzaileak», eta gehienez bi orduko iraupena izango dute. Bilerak urtarrilaren 16an, 22an eta 29an egingo dituzte. 18:00etan hasiko dira eta udaletxean elkartuko dira.
Gizarte eragileekin jarri dira harremanetan bilera-tailer horietan parte hartzeko, eta herritar guztiei zabaldu nahi diete deialdia. «Herritarren parte hartzea aberatsa da eta kultura hori bultzatu nahi dugu udaletik», zehaztu du Estangak. «Gizarte eragileen eta herritarren ekarpenak jaso nahi ditugu, zer behar dauden jakiteko».  
Udal taldearen aldetik asmo batzuk badituzte lokaletarako: liburutegia eta KZgunea bertara pasatzea, eta zenbait ikastaro ere bertan egitea. «Halere, proposamen horiek herritarrekin elkarbanatuko ditugu», argitu du Estangak. «Gero denen artean erabakiko da zer egingo den lokaletan. hori da garrantzitsuena». Bestalde, alde ekonomikoa ere kontua hartu beharko dela esan du alkateak proiektuak gauzatzeko, eta gogora ekarri du auzolanaren aukera ere badagoela hainbat egitasmo egiteko.
Hiru lokalek 337,5 metro karratu, 133,5 metro karratu eta 104,68 metro karratu izango dituzte. Eraikina egun obretan dago eta gutxienez beste urtebete beharko du obrak amaitzerako. Estangak azaldu duenez, proiektua Gipuzkoa Foru Aldundiaren Itten erakundeak egingo du: «Hitzarmena egin dugu, eta beraiek gauzatuko dute proiektua».
Anoetako alkateak beste hainbat erabakietan ere herritarren parte hartzea bultzatu dela azaldu du. Kiroldegia, haurren parkea eta trafikoaren berrantolaketa modu horretan egin direla azaldu du, eta bide horretan jarraitu nahi dutela berretsi du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!