Tolosak ezin izan du garaipena lortu profesional mailako estreinaldian

Mikel Iraola - Igor Agirre 2013ko abe. 30a, 20:50
Jaunarenarekin batera aritu da, eta partida osoan zehar aurretik izan ostean amaieran Aritz Lasa eta Pascualek osatutako bikoteak aurrea hartu die. 19-22ko emaitzarekin amaitu da partida. Jende asko izan da Beotibar pilotalekuan anoetarraren debuta gertutik jarraitzeko.

Xabier Tolosak profesional mailan debuta egin du gaur arratsaldean Tolosako Beotibar pilotalekuan. Jon Jaunarena aurrelari leitzarrarekin aritu da bere lehen partidan, eta maila ona erakutsi du partida osoan zehar.

Ondo hasi da bikote urdina. Tolosa atzean sendo ibili da, eta aurrean Jaunarenak ongi amaitu ditu tantoak. Anoetarrak, asko lagundu du leitzarra, eta une batean baina gehiagotan txalo zaparradak jaso ditu. 5-5eko emaitzaren ondoren lortu dute Jaunarenak eta Tolosak markagailuan alde egitea. Asko zigortu dute Pascual atzean, eta Jaunarenak tanto bikainak lortu ditu aurrean. Zazpi tantoko aldea ere izatera iritsi dira urdinak, baina gorriek ez dute etsi. 17-17 jarri dira, eta aurre hartu dute Lasa eta Pascualek. Amaieran, Jaunarenak hainbat huts egin ditu gorrien mesederako. Azkenean 19-22 amaitu da partida.

Tolosa gustura azaldu da bere jokoarekin: "Partida hasieran eta erdialdean oso ondo egon gara, baina bukaeran ez dut asmatu ezer eskuarekin. Hala ere, nahiz eta 19-22 galdu, gustura noa etxera. Ezin naiz kexatu".

Herritarrak ere gertu izan ditu Anoetako atzelariak. Uneoro oihuak botatzen zituzten, eta giro bikaina jarri dute. "Ezker eskubi, atzea Xabi! Anoetarrok hikin" zihoen pankarta ere jarri dute Beotibarko harmailetan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!