«Sistema horizontala proposatzen dugu: hau da, inongo antolakuntza hierarkikorik gabe egituratutako sarea. Ez da gertatu ohi den moduan, operadore komertzialek bere sarea sortzen dutela eta haien jabe direla; kasu honetan, jabe asko daude, eragile asko eta askoren artean osatzen da honenbestez sarea», azaldu du Garaialdek.
Guifinet egitasmoaren baitan, Gipuzkoa Sharek oinarrizko azpiegitura prestatuko luke. Garaialderen esanetan, «errepideak sortzen ditugu. Gipuzkoa Sharek ez du espresuki konexio bat ematen momentuz behintzat, baina horretarako azpiegitura sortzen dugu». Gaur egun, konexiorik ez dagoen tokiak ere sarean barneratuko lituzkete. Izan ere, Garaialderen aburuz, operadore handiek irismen arazoak argudio hartuta leku asko konexiorik gabe uzten badituzte ere, proposaturiko azpiegiturekin hori aurrera eramatea posible litzateke: «Konexioa edukitzeko aukera hori beti egongo da, interesatuak eta bertakoak mugitzen hasi eta proiektu honen eragile bihurtzen badira», azpimarratu du Gipuzkoa Shareko kideak.
Era berean, sarearen bitartez konexioak partekatu ahal daitezke: «Ibilgailuen kasuan bezala, egokiagoa ikusten dugu modu sozial batean sarea ere partekatzea».
Balio erantsia
Sarea eta konexioetaz hitz egin eta interneta da jendeari burura etortzen zaion tresna nagusia; ez da bakarra, ordea. «Internet ez da komunikazio telematikorako bide bakarra, baina jendeak hori besterik ez du ezagutzen», azaldu du.
«Sare honek ematen duen aukera barne zerbitzuak eskaintzea da: egun teknologia irekiak daude eta barne zerbitzariak jarri daitezke, eta hala sarea erabili fitxategiak partekatzeko edota streamingak egiteko.
Niretzako izugarriko poztasuna izango litzateke, adibidez, sare sozial honen bitartez gaztetxeek euren artean harremana izango balute, beraien artean koordinatzeko», gaineratu du. Hala, internetarena baino, sarearen erabilera propioa da indartu nahi dutena. Gainera, sare honek internetak eskaintzen duena baino banda zabalera handiagoa eskainiko luke.
Errepidea eraikitzen
Nazio mailako sare hori lortzeko proiektua ari da forma hartzen, eta tartean, Tolosaldea. Eskualdean sare nagusia ezarrita dago jada: «Andoaingo Sorabilla auzotik Abaltzisketaraino dago konexioa. Sare hori kudeatzeko eta konfiguratzeko Irurako Udalak utzitako herriko liburutegiko konexioa erabili dugu», azaldu du Garaialdek. Horrela ikusarazi nahi duenez, ez du konexioak herrian bertan egon beharrik, sarearen bidez elkarbana daitekeelako.
Proiektua zabaltzeko bidea ez da erraza izan baina azkenean errotzen ari dela dirudi: «Aldundiak eman zuen laguntza baten ondorioz, Gipuzkoako 25 udalerri batu ziren proiektura. Guk azaldutakoarekin konfiantza erakutsiz eta hurbileko inongo eredurik gabe. Guretzako hori sekulako aurrerakuntza izan zen», aitortu du Garaialdek. Behin udalen babesa lortuta, erdietsi dute jendearengan interesa eragitea.
Tolosaldean proiektuak izan duen onarpen eta babes handia ere nabarmendu ditu: «Tolosaldea Garatzenen eta Tolomendiren laguntzarekin eta udalekin, Tolosaldea izan da proiektuaren alde %100ean egin duen eskualde nagusia: herri txiki askok beste aukerarik ez dutelako edo proiektuaren berezitasunagatik, baina sartu egin dira».
Duela ia 4 urte ekin zioten proiektua ezartzeari baina azken urtean egin dituzte aurrera pausu handienak. Sare nagusia martxan jarri eta erabiltzaileek hilabete honetatik aurrera konektatzeko aukera izango dutela aurreikusten dute.