Munduko mendirik garaiena igotzen lehen euskalduna Martin Zabaleta (Hernani, 1949) izan zen. Igoera gogor baten ondoren, Everesten ikurrina zabaldu zuen lehena izan zen; 1980. urtea zen. Irudi hark bere ondorioak izan zituen, eta garaiak kontuan hartuta...
Igoera «epiko» haren inguruko bizipenak eta ikurrinarekin bizitako esperientziak Anoetan azalduko ditu Martin Zabaletak bihar, 19:30ean, auditoriumean eskainiko duen hitzaldian.
Hernanin jaio zinen 40. hamarkadaren bukaeran, baina egun, Ameriketako Estatu Batuetan bizi zara familiarekin.
Everest igo eta urtebetera Kaliforniara joan nintzen. Urte erdia bertan egiten nuen, eta beste erdia hemen. 1994. urtera bitarte horrela ibili nintzen, baina ondoren, familia han nuenez, Kalifornian geratu nintzen bizitzen.
Everest tontorrean ikurrinarekin argazkia atera duen lehena izan zara. Nola gogoratzen duzu momentu hura?
Ikurrina batzuk folklore moduan erabiltzen dute, eta beste batzuk sentitu egiten dugu. Euskal Herriak bere nortasuna du, eta horren adierazleetako bat ikurrina da. Hori guztia garai hartan Everesteko tontorrean bizitzea izugarria izan zen; gure herria den bezalakoa adieraztea zen, bere izaera duela aldarrikatzea.
Nolako igoera izan zen?
Prozesu nahiko luzea izan zen oro har. Hasteko, eguraldi txarra zegoen, haizea, elurra... guri azken txandan tokatu zitzaigun, hau da, aurretik hainbat talde saiatu ziren igoera egiten. Oxigenorik gabe igotzea pentsatzen genuen, baina nola edo hala igo beharra zegoenez, oxigenoarekin egitea beste aukerarik ez genuen izan. Horrela abiatu ginen hego lepotik tontorrera. 12 orduko igoera izan zen, baldintza oso gogorretan. Luzea izan zen eta izugarrizko elur piloa zegoela gogoratzen naiz. Xerparekin ere arazoak izan nituen.
Zer gertatu zen bion artean?
Garai hartan ez zen gaur bezala, arnesik eta ezer gabe igotzen ginen: bata besteari lotuta. Tontorrera iristean, Gora Euskadi askatuta! oihukatu nuen. Izugarria izan zen. Aldi berean, ordea, oxigenorik gabe geratu ginen, eta xerpari kalte egin zion horrek: burua joaten hasi zitzaion, eta garbi pentsatzeko arazoak zituen. Jaitsieran, bere laguntza baino gehiago bere ardura nuen. Erlaitz baten ingurutik jaitsi nahi zuen eta puskatu egin zitzaion. Momentu epikoak bizi izan genituen bertan. Nahikoa lan izan genuen bertan. Arnasa hartzeko zailtasunarekin geratu zen, eta gaua han pasa nahi zuela esaten zuen... oso gogorra izan zen.
Euskal mendizaleei bidea zabaldu zien igoera izan zen.
Aurrez nafar batzuk Dhaulagirin izanak ziren, baina egia da oihartzun zabalagoa izan zuen nire igoerak, nahiz eta ongi ez jakin zergatik. Euskal espedizioentzat pizgarri moduko bat izan zen. Ondoren, Himalayarako espedizio guzti horiek etorri ziren.
Eta horrekin batera, mendizaletasuna ikusteko beste modu bat ere bai.
Asko aldatu da bai. Gaur dena komertzializaturik dago, jendea profesionalizatu egin da. Markak, esponsorrak... beste gauza bat da.
30 urte igaro diren arren, aldatu ez dena ikurrinaren aldeko aldarria da.
80. urtea zen, eta trantsizioa deitzen dioten hori ematen ari zen. Gehiago espero genuen, baina ezer ez da gertatu. Ikurrina Everesten zabaltzea jendeak bere egin zuen, liberazio moduko bat izan zen. Espedizioak egin zuena herriak bere hartu zuen, eta izugarrizko poza zabaldu zen. .
Beste aldea ere izango zuen, ezta?
Baina nik nahiago nuen herriarekin bizi, lagunekin bizi, eta ez itxurakeriaren mundu faltsu horretan. Ikurrina erakusteak ate asko itxi zizkidan, horrela sentitu nuen. Espainiar bezala joan izan banintz, lorpen izugarri bezala salduko zuten, eta ate asko zabalduko zizkidan, baina esan bezala, nik nire herria aukeratu nuen.