Jon Lizarralde (Hondarribia): «Igandean irabaztera aterako gara»

Ataria 2013ko irailaren 6a

Jon Lizarraldek (Anoeta, 1982) lehen denboraldia du Hondarribiaren Ama Guadalupekoa ontzian, eta Kontxako Bandera irabazteko aukera asko ditu. Bigarren postuan da, Urdaibairengandik hiru segundora. «Irabaziko dugu», dio.

Nola joan da debuta Hondarribian?

Pasa den urteko emaitzak berdindu edo hobetzea zen helburua, eta Kontxan estropada ona egin nahi genuen. Aurredenboraldia atzeratu egin genuen horretarako, fresko iristeko. Horregatik hasiera ez zen ona izan, baina gure benetako maila zein den erakutsi dugu eta orain oso ondo gaude.

Hasiera hartan emaitza on bat lortzeko beharraren presioa izan zenuten?

Zertxobait bai. Ez genuen zorterik onena izan kaleekin eta emaitzak hor daude. Fisikoki ondo egon arren psikologikoki emaitza hoiei erreakzionatzea kosta zitzaigun.

Baina bi bandera eskuratu dituzue...

Bai, eta lehen lau postuen artean dexentetan izan gara, beraz ondo.

Kontxan zaudete, baina osteguneko sailkatze proba uste baino gehiago konplikatu zen, ezta?

Ziabogan oso erreferentzia onak genituen, eta zertxobait erlaxatu ginen. Irla parean mugan geundela esan eta estutu egin genuen.

Igandeko estropadarekin gustura?

Emaitza oso ona da, hamar urtetan bigarren iganderako Hondarribiak izan duen alderik txikiena.

Laugarren kaleak hainbesterako eragina izan al zuen?

Olatuak indar gehiago zuen. Bigarren kalekoek metro gehiago egin behar izan zituzten, eta hainbeste berdintasun dagoenean galdutako segundo bat errekuperatzea zaila da. Hori bai, olatu horiek ere aprobetxatzen jakin egin behar da, eta guk asmatu genuen.

Uste al zenuten horrela iritsiko zinatela bigarren igandera?

Lehen esan dizudan modun aurredenboraldiko prestaketa Kontxara begira antolatu zen. Pasa den urtean fisikoki ondo prestatu eta hasiera gogorra izan zen, aurten berriz, hori hipotekatu da bukaerara fresko iristeko. Baina, estropada baino lehen, firmatuko nukeen gaur hiru segundora izatea.

Gainera, Hondarribiako egun handia da. Horrek motibatzen al zaituzte?

Festa girotik pixka bat aldendu egin behar genuela esan ziguten. Baina, bai, polita izango litzateke irabaztea. 1968. urtean suertatu da bakarrik. Zergatik ez berriro?

Nork irabaziko du Kontxa?

Gu %100a eman eta irabaztera irtengo gara, beraz, Hondarribiak. Emakumezkoetan Zumaiak.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!