Urtarrilean, Gipuzkoako 36 udalek kontratazio publikoetan euskarari buruzko baldintza batzuk eskatzea adostu zuten. Espainiako Gobernuko ordezkari den Carlos Urkijok, ordea, hizkuntza auziengatik bazterkeriarik izaten utziko ez zuela adierazi zuen eta ikerketari ekin zion.
Bada, orain, erabaki horien atzean delitu zantzuak daudela argudiatuz, helegiteak jarri dizkie abokatuak Gipuzkoako bi udalei: Lezokoari eta Anoetakoari. Erabaki horrekiko desadostasuna azaldu, eta bi udalei babesa emateko, agerraldia egin dute Gipuzkoako Foru Aldundiko egoitzan, Zigor Etxeburua, Foru Aldundiko Euskarako Zuzendariak, Maren Belastegi, UEMAko lehendakariak, Mikel Arruti, Lezoko Udaleko zinegotziak, eta Pello Estanga, Anoetako alkateak.
Bertan, Urkijok egindakoa «Gipuzkoako udalen eta, batez ere, euskaldunon aurkako eraso politikoa» dela azpimarratu, eta bere horretan lanean jarraitzeko intentzioa dutela aitortu du Etxeburuak. Urkijok dioenaren aurka, euskara sustatzeko hautua «legezkoa eta normalizazioa bermatzekoa» dela esan du Euskara zuzendariak: «Ziurtasun juridikoa izan dugu uneoro, beraz, helegiteak ez du biderik».
Adierazpen horiekin bat egin du Pello Estanga Anoetako alkateak. Bere udalak «historikoki» euskararen aldeko erabakiak hartu izan dituela adierazi du: «Herritarren %70 euskaraz bizi da eta gure helburuetako bat euskara baztertuta ez egotea izan da».
Informazio eske
Helegitea informazioa lortzeko soilik dela jakinarazi dute, eta horregatik, erabakia onartu zireneko osoko bilkuretako aktak bidali beharko dituzte EAEko Entzutegi Gorenera. «Dokumentazio hori gazteleraz bidali behar dugu, argi utzi nahi izan dute nork agintzen duen», esan du Etxeburuak.
Dena den, kezkatuta agertu dira bi udaletako ordezkariak eta Aldundiko zuzendaria, gainerako herriek ere helegitea jaso dezaketela pentsatzen baitute.
Helegite horien atzean, Urkijoren interes politikoak daudela salatu du Etxeburuak, «atzetik ez baitago inongo enpresa edo herritarren salaketarik, kontrakoa baizik». Kexak jaso ordez, hartuko dituzten neurrien irizpideak zeintzuk diren jakiteko, enpresa asko eurekin harremanetan jarri direla azaldu dute.
Berrespena
Hori dela eta, kontratazio publikoetan euskara sustatzeko neurri horien garapenean lanean jarraituko dutela adierazi dute Anoetako eta Lezoko alkateek, nahiz Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskara zuzendariak: «Enpresa eta elkarteekin biltzeko asmoa daukagu baldintza hauek esaten dutena azaltzeko, eta gainerako herriei ere hori egitera bultzatuko diegu». Euskararen normalizazioa «berreskuratu eta ziurtatzeko» lanean jarraituko dutela ere azaldu dute.