Amaitzear da kaleko argiteria aldatzeko lehen fasea

Tolosaldeko Ataria 2013ko mai. 3a, 10:35

Kutsadura asko sortzearen ondorioz, aurrez jarrita zeuden farolak legez kanpo geratu ondoren, kaleko argiak aldatzen ibili dira azken hilabeteetan Anoetan.

Denbora luzea zeraman udalak aldaketa hau gauzatu nahian, eta lehengo urtean hainbat proiekturen arteko aukeraketa egin ondoren, bi fasetan bereiztu zuten: lehenengo zatiak, plaza eta inguruak hartu zituen; eta bigarrenak, berriz, kanpoaldea.

Azken hilabeteetan lehenengo fasean lanean aritu ondoren, berehala amaituko dute. Plazaz gain, San Joan kalea, Solkorre eta Igarabide pasealekuan gauzatu dituzte farola aldaketak. Eskualdeko enpresa bat arduratu da lan horietaz.

LED argiko bonbilladun farolak ezarri dituzte aurreko boladun farolen ordez. «Argi zuria botatzen dute, eta estalkia ez dutenez, gehiago argiztatzen dute», dio alkateak.

Guztira, 100.000 euro inguruko kostua izan du lehen faseak, eta diru horren erdia, Aldundiak eta Energiaren Euskal Erakundeak jarri dute. Bigarren fasea finantzatuko duten diru laguntzak aurkezteko lanetan da orain udala. Gastu aldetik, lehen fasearen antzekoa izango da. Laguntza horiek datorren urterako iritsiko direla aurreikusi du udalak, beraz, iristen ez diren bitartean, ez dira bigarren faseko lanekin hasiko.

Luzera begirako inbertsioa

Pello Estangaren esanetan, «lehentasunezko» inbertsioa izan da argiteriaren aldaketarena. «Ingurumen eta kontsumo aldetik onurak ekarriko dizkigu aldaketa honek. LED bonbillek, gutxiago kutsatzeaz gain, gutxiago kontsumitzen dute, eta energiaren kontsumoa %60 batean murriztuko genuke. Hori ingurumenarentzat ere ona da, eta konpromiso hori daukagula argi utzi nahi dugu».

Bestalde, orain egin beharreko gastu hori, «bost edo sei urtetan amortizatuta» izango dutela adierazi du Estangak.

 

Atez atekoa, «gastua baino, inbertsio moduan ulertu behar da»

Atez-ateko hondakin bilketa sistema aplikatuko dute ekainetik aurrera Anoetan. Erabaki hori plazaratu zutenetik sortutako eztabaida sakonaren inguruan penatuta ageri da Pello Estanga alkatea, eta horregatik, «gastua baino, inbertsio» bezala ulertu behar dela adierazi nahi izan du:

«Argiteriarekin gertatzen den moduan, hasieran gastu bat egin beharko dugu. Baina ondoren, gehiago birziklatuko dugu, eta gutxiago gastatuko dugu hondakin horien kudeaketan eta urte batzuen baitan amortizatuta geratuko da. Beraz, bai ekonomikoki, baina batez ere, ingurumenaren alorrean, onura asko izango ditugu».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!