Errekaldetik Mendikora errepide berri bat egingo du Amezketako Udalak

Tolosaldeko Ataria

Berriki Amezketako Udalak zenbait baserri bide ere konpondu ditu. AMEZKETAKO UDALA

Asfaltatzearekin batera ur hoditeria instalatzeko obra ere egingo du Gipuzkoako Ur Kontsortzioak. Lanak abenduan hasiko dituzte, eta lau hilabete irautea aurreikusten dute.

Arrondo auzoko lehen sektoreko ustiategietara sarbidea hobetzeko helburuz, Errekaldetik Mendikora doan bidea asfaltatzeko lanak abiatuko ditu datozen asteetan Amezketako Udalak. Lanek lau hilabete irautea aurreikusi dute, eta 166.540 euroko aurrekontua izango dute. Gipuzkoako Ur Kontsortzioarekin elkarlanean, errepidea egiteko obra baliatuko dute ur saneamenduko hoditeria instalatzeko. Bi obrak aldi berean egingo dituzte, eta bigarrenak 111.290 euroko aurrekontua izango du —azken hori kontsortzioak finantzatuko du—. Hori horrela, guztira, 277.830 euro inguruko kostua izango dute bi obrek.

Amezketako Udalak azaldu du herriko lehen sektoreko «ustiategi handienetako» hiru —Lizeaga, Mendiko eta Arronso baserriak— Arrondo auzoan kokatzen direla, eta hirurek arazo bera dutela egunerokotasunean: elizaren ondoko estugunea igarotzeko zailtasunak izaten dituzte ustiategietara doazen traktore eta kamioi handiek. Mikel Arteaga alkateak adierazi du «aspalditik jasota» zutela bertan eragozpen handiak izaten zirela, eta konpromisoa hartu zutela horri irtenbidea bilatzeko. 

Aldibereko lanak

Hain zuzen, arazoari irtenbidea emateko hainbat aukera aztertzen aritu dira bideetan aditua den ingeniari baten laguntzarekin, eta ondorioztatu dute irtenbiderik egokiena Errekaldetik Mendikora doan bidea asfaltatzea dela. «Kosturik handiena duen irtenbidea da, baina bilatu ditugu beste alternatiba batzuk ere, eta ez dugu akordioetara iristea lortu. Egoerari irtenbidea emateko, beraz, errepidea egitea da aukera egokiena», horrela hitz egin du Arteagak proiektuaren inguruan. 

Hari berari tiraka gehitu du alkateak lanak aprobetxatuko dituztela Errekalde inguruan errepide berri horren bazterrean kotxeak uzteko lekua egokitzeko; eta, lehen aipatu bezala, aldi berean Mendikoko ur deposituak sortzen dituen ur zikinak bideratzeko saneamendu-hoditeria ere ezarriko du, Ur Kontsortzioak. 

Lanak hasteko «dena prest» omen dute dagoeneko, eta aurreikusi dute abenduaren jarriko direla martxan. Zentzu horretan, errepide zati berri bat egingo dutenez, ez dute eragozpenik aurreikusi herriko gainerako bideen trafikoan. 

Asfaltatzeko bidea

Aurretik jada existitzen den bide baten gainean egingo dute errepide berria. Landuko duten zatiak 300 metroko luzera du, +199,85 kotatik +253,44 kotara igotzen da —hau da, 53,59 metroko desnibela du—, eta bataz beste % 17,85 aldapa du —beheko ataleko malda goiko tartekoa baino «dezente handiagoa» da, hain zuzen, batez besteko malda % 22,81 da beheko tartean—. 

Konponketak eta hobekuntzak zenbait baserri bidetan

Amezketako Udalak baserri bideen egoera hobetzeko hainbat lan egin ditu, hain zuzen, Argaiarako bidean, Oteiza baserrietara doan bidean, Iraregirakoan eta Ezkolborron egin dituzte konponketa eta hobekuntza lanak. Lanek, guztira, 81.000 euroko kostua izan dute, eta udalak Gipuzkoako Foru Aldundiko Lurralde Oreka Berdea departamentuko laguntza jaso du.

Oteiza baserrietara doan bidean, gainera, ur hoditeria berritzeko lanak egin ditu Ur Kontsortzioak. Horrez gain, bidea zertxobait zabaldu dute, Oteiza-goikoa baserrikoek terrenoaren zati bat lagatzeari esker, ustiategira joan-etorria egiten duten ibilgailuentzat erosoagoa izateko.

Amezketako Udaletik adierazi dute lanean jarraituko dutela herriko landa eremuko azpiegiturak zaintzeko eta hobetzeko.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!