Anduizko borda eta haren lursailak erosi ditu Amezketako Udalak. Herriko ondarea zaintzeko eta balioesteko helburuarekin eskuratu dute azpiegitura zein eremua, eta hainbat arrazoi nabarmendu dituzte: orain arte pribatua izan den lursaila herri lurretara integratzea, lekuaren esanahi historikoa —antza, bora bertan ezkutatzeko erabili zuten makiek—, egokituz gero aukerak ematen dituela abeltzaintzarako, eskolarekin batera herriko haurrekin basoaren inguruko pedagogia egiteko eta mendizaletasuna sustatzeko.
Mikel Arteaga alkateak azaldu du azken urteetan erabilerarik gabe egon dela borda, eta ez zutela hondatzen utzi nahi: «Aralarrera igotzeko bide baten ondoan dago, eta betidanik ezagutu dugu. Hainbat elementuk egiten dute interesgarri: esanahi historikoak, askotariko jarduerak egiteko ematen dituen aukerak, herri lurrez inguratuta egoteak... Erabilerarik gabe zegoela ohartu gara, eta ideia izan da hori galtzen ez uztea».
Udalak 37.000 euroren truke eskuratu ditu borda eta inguruko lurrak, eta erosketa finantzatzeko 28.000 euro jaso ditu Gipuzkoako Foru Aldundiko ingurumen diru laguntzetatik. Kopuru horrekin eremua eskuratzeaz gain, informazioa helarazteko panelak jarriko dituzte.
Egokitzeko lanak
Azken urteetan borda eta ingurukoak ez direla erabili adierazi du herriko alkateak, eta egokitu egin beharko direla: «Eraikina bera ondo dago, baina traste ateratzea eta... Zenbait lan egin behar dira bertan erabiltzen hasi aurretik».
Eta, bordaz gain, inguruko eremuan ere aurreikusi dituzte zenbait lan: «Aukera handiak ematen ditu inguruak askotariko jarduerak egiteko, izan haurrekin, abeltzainekin edo basoa kudeatzeko. Horrez gain, mendizaleei begira ere atseden gune bat egokitzea izan daiteke aukera bat, adibidez, mahai batzuk jarrita».
Gertuko historia
Amezketako Udalak azaldu duenez, Anduizko borda ezkutatzeko eta atseden hartzeko erabili zuten makiek: «Francoren aurkako borroka galdu ostean, Frantzian aurkitu zuten babesa. Berehala, ordea, II. Mundu Gerra etorri zen eta berriro gudara egin zuten. Nazien aurka jardun ostean, amestu zuten posible zela Espainiako diktadura botatzea». Udalaren arabera, Anduizko bordan ez zuten esperotako atsedena topatu: «Tamalez, ordea, poliziak zain zituzten eta tiroketan bi gerrillarik bizia galdu zuten eta bat atxilotua izan zen».