Amezketako Udalak eta Foru Aldundiak TO01 autobus linea San Martin auzoraino iristeko aukera aztertzea adostu dute

Tolosaldeko Ataria

Bilera baliatu zuten, besteak beste, San Bartolome eliza bisitatzeko. 

Mugikortasuna eta herrian Lurraldebusek eskaintzen duen zerbitzua izan dute hizpide, zerbitzua hobetzen jarraitzeko helburuarekin. Horrez gain, herriko ondare, kultura eta natura baliabideetako batzuk bisitatzeko aukera ere izan dute.

Azahara Domínguez Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako foru diputatuak Amezketa bisitatu du, eta Mikel Arteaga alkatearekin eta Alaitz Labaien alkateordearekin bildu da, lankidetza bide berriak sustatzeko eta departamentuari lotutako gaiak lantzeko.

Bileran, besteak beste, mugikortasuna eta, zehazki, Lurraldebusek herrian eskaintzen duen zerbitzua izan dituzte hizpide. Bi erakundeek TO01 lineak (Tolosa>Alegi>Amezketa>Abaltzisketa) San Martin auzoraino iristeko aukera aztertzea adostu dute. Horretarako, udalak zer egunetan eta ordutegitan luzatu beharko litzatekeen zerbitzua jakinaraziko dio departamentuari, eta, lan hori egin ondoren, zerbitzua zabaltzeko aukera aztertuko dute. 

Era berean, diputatuak gogorarazi du bere departamentua Tolosaldeko Lurraldebusen emakida berriaren lizitazioan lanean ari dela, udalekin elkarlanean. «Zerbitzu berriak eskualdeak gaur egun dituen eta etorkizunean izango dituen mugikortasun-beharrei erantzutea da helburua», gogoratu du diputatuak. «Funtsezkoa da udalekin zuzeneko eta etengabeko harremana izatea, haien beharrak bertatik bertara ezagutzea eta elkarlanean aritzea, konponbide eraginkorrak eskaintzeko. Lankidetza horretatik abiatuta soilik susta ditzakegu udalerri bakoitzaren benetako beharrei erantzungo dieten eta gipuzkoar guztien ongizateari lagunduko dioten proiektuak», adierazi du Azahara Dominguezek.

Bestalde, Mikel Arteaga alkateak honako hau esan du: «Herri txikiontzat ezinbestekoa da erakundeen arteko elkarlana eta ildo honetan, Aldundiari eskatu diogu autobusaren linea eskaripean San Martin auzoraino igotzeko aukera aztertzea».

Bilera baliatu dute udalerriko ondarea ezagutzeko; San Bartolome eliza bisitatu dute, eta natura eta mendiko turismoarekin lotutako hainbat baliabide ezagutzeko aukera izan dute, besteak beste, Zazpiturri uraren ibilbidea eta Arritzagako glaziarraren inguruko ibilbidea. Diputatuak gogorarazi duenez, bi ibilbide horiek laster sartuko direla  sailak sustatzen duen Mendi Gidan, Amezketako mendi ibilaldi eta natura eskaintza balioan jartzeko helburuarekin.

Bisitan, halaber, esperientzia berriak aurkeztu egin dira, hala nola Pello Zabala Gunean kokatutako scape room-a eta taloak egiteko tailerra. Ekimen horien bidez, Amezketako kultura ondarea eta tradizioak esperientzia parte-hartzaileen bitartez ezagutarazi nahi dira. Diputatuak azpimarratu duenez, «Amezketa barnealdeko gure udalerriek duten potentzial handiaren adibide da. Balio handiko ondarea, kultura, tradizioak eta natura ditugu. Horrek aukerak sortzen ditu ostalaritzarako, merkataritzarako eta tokiko zerbitzuetarako, eta, gainera, enpleguari eta gure herrietako bizitzari eusten laguntzen du», adierazi du diputatuak.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!