Beste behin ere, finalerdietan esan dio agur Lau eta Erdiko Txapelketari Altuna III.ak. Iaz bezala, Peio Etxeberria izan du aurkari finalerako txartela lortzeko lehian; orduan, 9-22 irabazi zion nafarrak. Aurten, arantza kentzeko aukera zuen amezketarrak, baina gehiago izan da aurkaria, eta azken zatian bost tanto jarraian eginda lortu du garaipena, eta, ondorioz, finalera sailkatzea.
Denetik izan du lehen zatiak: tentsioa, polemika, gaizki jotako pilotakadak... Lehen tantoa Altunak egin badu ere, hurrengo seiak Peio Etxeberriarentzat izan dira. Horietako batzuetan, zorte handia izan du nafarrak, zenbait pilotakadek ihes egin baitiote; polemikarako tartea ere izan da, tanto batean Altunak pilotakada bigarren botean eman duela adierazi baitu aurreko epaileak, berez, lehenengoan eman dionean. Amezketarrak, ordea, ez du asmatu tantoak amaitzeko aukera garbiak izan dituenean, eta aurkariaren huts baten ondorioz lortu du bigarren tantoa. Ondoren, gantxo eta horma-biko banari esker, bi tantora gerturatu da: 4-6. Hurrengo sakean, baina, falta egin du Altunak.
Partidako hamabigarren tantoa izan da ordura arteko gogorrena eta ikusgarriena. Altunak ikaragarri ibili behar izan du batera eta bestera, eta tantoa aurkariaren aldekoa izango zela zirudienean, ezkerrez zabaleko arrastotik oso gertu jarri du pilota (5-7); tanto horretan, bigarren botean eraman du pilota bat amezketarrak, baina epaileek ez dute ezer adierazi. Ez da partida erraza izan bi epaileentzat, polemikaz jositako tanto asko izan baitira. Lan erdietan, alde ederraren jabe zen gaur egungo txapelduna: 6-11.
Ondorengo bi tantoak Altunak egin ditu, baina berriro alde egin dio Etxeberriak: 8-14. Partidako 23. tantoa ere oso gogorra izan da. Oraingoan, amezketarrak ibili du batetik bestera Etxeberria, eta horma-biko batekin lortu du tanto egitea. Ondorengo bi tantoak, ordea, nafarrak egin ditu, baina bigarren atsedenaldi luzearen aurretik, Altuna berpiztu egin da, eta bost tanto egin ditu jarraian: 15-17. Hala ere, hanka sartze handia egin du ondorengo tantoan, eta Etxeberriak sakea berreskuratu du: 15-18.
Atsedenalditik bueltan, beste aukera handi bat galdu du Altunak 16. tantoa egiteko. Pilotakada bat gehiago ematera bortxatu du Etxeberriak, baina txapara joan zaio horma-bikoa. Hurrengo tanto guztiak ere Etxeberriak egin ditu: 15-22 irabazi du. Altunak 10 tanto egin eta sei tanto galdu ditu; Etxeberriak, berriz, 16 tanto egin eta bost galdu ditu.
Lau eta Erdiko Txapelketako laugarren finala jarraian jokatuko du nafarrak. Altuna III.ak ezin izan du bederatzigarren finala jokatzeko sailkapena lortu, eta, ondorioz, aurten, behintzat, ezin izango du modalitate honetako bosgarren txapela irabazi.